CAFek Tolosaren sendia indemnizatzea onartu du
Argiak jakinarazi duenez, CAFek EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarritako helegitea kendu du
CAFek Celestino Tolosaren sendiari 133.665 euroko kalte-ordaina ordaintzea erabaki du, Argiak jakinarazi duenez. Hala behartu zuen urriaren 5ean kaleratutako epaiak, baina Beasaingo konpainiak errekurtsoa aurkeztu zuen. Helegitea kendu egin dute eta indemnizazioa osorik ordainduko dute. Jarrera aldatzeko arrazoirik ez da jakin.
Celestino Tolosak CAFen ia 30 urte egin zituen galdaragile lanetan. Epaileak frogatuta ikusi zuen amiantoarekin zuzenean egiten zuela lan, eta horrek eragin ziola biriketako minbizia. Tolosa 2008an hil zen. Donostiako Gizarte Epaitegiak CAF alargunari 108.540,74 euro ordaintzera behartu zuen eta alabari, 25.125,16 euro. Tolosa erretzailea zela argudiatuta ordaintzeari uko egin zion, baina atzera egin dute.
Atzera egiteko arrazoietako bat langileek egindako presioa izan daiteke. Asviamiek ere trabak jartzea leporatu dio Beasaingo multinazionalari.