Erresidentzietako langileak greban daude
Lan hitzarmenaren negoziazioa "desblokeatzea" eskatu dute adineko pertsonen egoitzetako langileek Ordizian eta Zumarragan egin dituzten elkarretaratzeetan. Bihar ere greba egingo dute.
Adineko pertsonen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak greban daude, eta elkarretaratzeak egin dituzte Ordizian eta Zumarragan. ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute deialdi honetan, salatzeko, jada hiru urte igaro direla lan hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik, eta momentu honetan negoziazioa blokeatuta dagoela. Gauzak horrela, erresidentzietako langileek beste behin ere eskatu diote Markel Olano Diputatu Nagusiari, Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentroen gatazkari “benetako konponbidea” emateko. Gaur eta bihar greba egingo duten langileen ordezkariekin biltzea ere eskatu diote Olanori, eta langileen aldarrikapenak kontutan hartuz aspalditik blokeatuta dauden hitzarmenak berritzeko.
Elkarretaratzeak egin dituzten herrietako alkateei ere eskatu diete, gatazka honen konponbidean pausu bat eman dezatela.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte-baliabideen inguruan egin duen azterketari dagokionez ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek nabarmendu dute, “aspaldi eginda beharko” lukeela, eta hala izan balitz, adinekoen egoitzetan gertatzen ari dena ez litzatekeela gertatuko.