Euskaraldiari 10.084 lagunek jarri dizkiote belarriak eta mihia Goierrin
Duela bi urteko ekitalditik, ia bi mila lagun jaitsi da partaidetza. Batez ere belarriprestak hirutik bat gutxitu dira. Emakumeak dira partaideen 10etik sei
Euskaraldia Goierrin koordinatu duen Euskaltzaleen Topaguneak bidali ditu 2020ko ekitaldiko parte-hartze datu ofizialak. Goierrin, guztira 10.084 herritarrek parte hartu dute, 23 udalerrietakoak. Ahobizi papera hartu dute 8.545ek (%84,74), eta belarriprest 1.539 lagun izan dira (%15,26). Oro har, emakumezkoek kopuru handiagoan parte hartu dute: 6.189 emakumezko (%61,37), 3.832 gizonezko (%38) eta 63 ez binarioak (%0,63).
2018ko lehen Euskaralditik, %16 murriztu da partaidetza. Duela bi urte 12.002 goierritarrek parte hartu zuten, aurten baino 1.918 gehiagok. Bereziki belarripresten jaitsiera nabarmendu da: %32,2 gutxiago izan dira paper horretan (752 lagun). Ahobiziak ere %12 gutxitu dira.
Gehienek errepikatu dute
Bi Euskaraldietan parte hartu dutenak 7.255 goierritar dira. Aurtengo partaideen %72k eman zuena izena 2018an ere. Duela bi urte parte hartu zutenetatik, berriz, %60,45ek errepikatu dute orain.
Herrika, lehen Euskaraldian udalerri gisa parte hartu zuten 19 herritatik 16tan behera egin du parte-hartzeak. Igoera Legorretan (%4), Ormaiztegin (%5,8) eta Zerainen (%35,8) soilik izan da; 19 zeraindar gehiago apuntatu dira aurten, adibidez.
Inplantazioa, ordea, bailarako udalerri guztietara iritsi da aurten. 2018an, lau herrik ez zuten udalerri gisa parte hartu.
99 urtekoa zaharrena
Euskaraldian 16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena. Estatistiketan, ordea, 2005ean jaiotako mutil zumarragar bat ageri da; horixe litzateke gazteena. Ahobizi izan da.
Partaide zaharrena, berriz, 99 urteko emakume legazpiar bat izan da (ahobizia hori ere). Belarriprest zaharrena, 91 urteko emakume urretxuar bat da. 80 urtetik gorako 93 goierritarrek eman dute izena.
Euskaraldiko parte-hartze datuak 2020