Furundarena eta Telleria, etxean
Aitor Furundarenak eta Iñaki Telleriak 'Etxetik atera gabe' emanaldia aurkeztuko dute igandean, Igartza Jauregian. Musika herrikoia izango da protagonista
Aitor Furundarena eta Iñaki Telleria musikariek Etxetik atera gabe emanaldia eskainiko dute igandean, 19:00etan Igartzako Jauregian, Igartza musika zikloaren barnean. Furundarena akordeoian eta ahotsean egongo da eta Telleria, perkusio askotarekoarekin.
Euskal musika tradizionala “maitasunez” transmititu nahi dute Furundarenaren hitzetan. “Guri proposatu ziguten musika tradizionalaren inguruko emanaldi bat emateko. Herri musikan ibilbide bat badugu egina Iñakik eta biok eta emanaldi formatuan zerbait jarri genezakeela otu zitzaien”. Erronkak motibatu du: “Euskal Herria kulturalki aberatsa da eta musikalki ere bai. Herri musika asko dugu. Baina egia da ere bai, musika tradizionalaren gehiengoa, gaur egun eta aspalditik, dantza taldeen koreografiak egiteko erabiltzen dela. Hortik aparte, apenas. Dantza taldeekin egitea oso ondo dago baina musika soilarekin emanaldiak emateko aspalditik ez da erabiltzen musika tradizionala”.
Bien artean musika herrikoiaren hautaketa bat egin dute eta horiek interpretatuko dituzte, “asmakizunik” eta “nahasketa arrarorik” egin gabe: “Hautaketa bat egin dugu musika tradizionalaren barruan eta guk gure janzkera eman diogu. Baina hau dena euskal musika tradizionala txikitatik bizi izan duten bi musikariren ikuspuntutik”.
Propio Igartza musika ziklorako prestatutako emanaldia da. “Baina beno, gure artean hitz egiten dugu ondo legokeela beste emanaldi batzuk ateratzea”, gaineratu du Furundarenak. Iganderako emanaldirako gonbidapen guztiak agortuta daude eta kanpoan gelditu diren guzti horiei ere entzuteko aukera eskaini nahi die. Baita ere beste herrietara zabaldu. “Musikarientzat oholtzara igotzeko aukerak ia-ia ez daude”, ohartarazi du, halere. “Musikan oso oso geldituta dago asuntoa”. “Iñaki Idiazabalgoa da eta ni Beasainen bizi naiz. Entseatzeko inork ez zidan baimenik ematen, ez zegoen modurik. Pentsa, Beasaingo Udalak antolatutako ekitaldi batean, oso ofiziala den ekitaldi batean, ez genuen aukerarik baimen legalak lortzeko”.
Igartzan, etxean
Etxetik atera gabe izenburuko etxeak Euskal Herriari egiten dio erreferentzia, baina Furundarena etxean arituko da, Beasainen. “Soinu aldetik Igartzan jotzea gozada bat da. Gainera, gustura jotzen dugu etxean nahiz eta konpromiso maila handi xamarra den”, aitortu du. “Formatu honetan ez, baina Iñaki eta biok askotan jo dugu Goierrin. Behin ere entzun ez gaituzten toki batean jotzeko aukeraketa askoz ere errazagoa da. Erabat etxean jokatuta piezen aukeraketa eta trataera buruhaustetsua izan da”. Halere, ez da kexu: “etxean halako bat eskaintzeko sekulako ilusioarekin. Ilusiorik handiena etxean jotzeak egiten digu”.