Irakurketa errazeko klubak euskarazko saioak egingo ditu
Urtarriletik aurrera, Urretxuko irakurketa errazeko klubak euskarazko saioak ere egingo ditu. Urretxuko Udalaren egitasmo hau euskarazko irakurketa eta mintzaera hobetu nahi dutenei zuzendua dago.
Taldea astero bilduko da liburutegian, Euskaraz irakurtzen eta hitz egiten dugu lelopean. Eskarmentua duen euskaldun berri batek euskaraz irakurtzen eta mintzatzen lagunduko die parte hartzaileei, beldurrik eta konplexurik gabe. Erabileraren eta irakurketaren inguruko sozializazio eta ikasketa gunea izango da.
Proiektua Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaitik sortu da, herritar gehienek euskara ezagutzen duten arren, egunerokoan ez dutelako erabiltzen. «Horrela, euskara, ahoskatzen eta irakurtzen ez den edozein hizkuntza bezala, herdoilduz doa, ahaztuz doa, eta erabili nahi dugunean, barregarri eta segurtasunik gabe sentitzen gara», azaldu dute antolatzailek.
Irakurketa errazeko klubak gune segurua eta dibertigarria izan nahi du, euskararen erabilera berreskuratzeko, praktikatzeko, okerrak egiteko eta gizarteratzeko, hizkuntzaren aldez aurreko ezagutza maila kontuan hartu gabe.
Udalak bi ordutegi jarri ditu: asteazkenetan 16:45etik 17:45era eta ostegunetan 11:00etatik 12:00etara. Interesatuek Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zenbakira deitu behar dute matrikula egiteko: 943 03 80 83. Liburutegian bertan ere jaso dezakete informazioa, edo bestela helbide elektroniko honetara idatzi: aniztasuna@urretxu.eus.
Jarduera talde txikitan eta aurrez aurre egingo da, COVID-19aren inguruko segurtasun jarraibideak errespetatuz. Parte-hartzea doakoa izango da.