Memorian gordetako Beasaingo motor hotsak
Beasaingo Motor Asteburua etzi zen hastekoa, baina antolakuntzak bertan behera uztea erabaki du. Lizarraldek aipatu du erabakia ikusten zela eta orduan errazagoa izan zaiela, baina penatuta daude.
Haur askok jolasten dute gurasoen autoa gidatzen ari direla, nahiz eta pedaletara ez iritsi eta bolantean zurrun egon. Memoria nahiko dute. Izan ere, motordun ibilgailuak buruan iltzatuta gelditzen dira begien paretik kliska bakarrean igarotzen diren arren: diseinua, ufada, usaina, soinua…
Urtebete igaro da Beasaingo azken motor asteburutik eta zaleek iraganeko memoriarekin konformatu beharko dute. Beasaingo Motor Asteburuaren laugarren edizioak itxaro egin beharko du, antolakuntzak bertan behera uztea erabaki baitu osasun larriarengatik: «Erabakia, esan dezakegu, erraza izan dela. Beste aukerarik ez zegoen. Baina beno, pixka bat penatuta bagaude», aipatu du Igor Lizarralde antolakuntzako kideak. Arduratsuena ez egitea dela dio, jende pilaketak sortuko zirelako bestelakoan.
Ez dute ordezko aukerarik prestatu eta atseden hartzeko baliatu dute. «Arnasa hartu dugu aurten, nahikoa lan izaten dugu eta. Gu urtez urte joaten gara, eta urtarrilean edo otsailean berriz elkartzen hasten garenean ikusiko dugu indarrik eta gogorik dugu ala ez». Ea datorren urtean nolakoa den egoera, bai osasun aldetik eta baita ere ekonomikoki: «Beasaingo Udaletik eta inguruko enpresetatik lortzen dugu dirua. Aurten iruditu zitzaigun diru hori erabiltzeko bazeudela beste behar batzuk. Datorren urtean ikusiko dugu». Halere, baikorra da Lizarralde: «Gogo eta diru aldetik ongi bagaude, segiko dugu».
Antolakuntzak ez du diru galerarik izan oraingoan. Alferrikako lanik ere ez dutela egin dio Lizarraldek, urte guztian zehar harremanetan egon arren aurreratutakoa etorkizunean erabilgarria izango delako.
Motor asteburuak hiru ardatz izaten ditu: heziketa, segurtasuna eta ikuskizuna. «Frontoi txikian haurrentzako zirkuitu moduko bat egiten dugu trafikoko arauak ikas ditzaten. Jolasak ere izaten dira, Scalextricak eta halakoak; helduentzat, karneta dutenentzat, kotxearekin egiteko praktikak antolatzen ditugu, nola frenatu eta abar ikasteko; eta ikuskizunaren barruan Erauskinera igoera eta ibilgailu historikoen erakusketa izaten da», laburbildu du Lizarraldek. Urte osoan zehar dozena erdi bat lagun ibiltzen dira antolaketa lanetan eta asteburuan 80 laguntzaile inguru elkartzen dira.
Motorzale kuadrilla elkartu eta, «zeozer desberdina egiteagatik», Erauskin auzoko igoera antolatu zuten. Lehen ideiari piezak batzen joan ziren eta hala, «osatzen», sortu zen motor asteburua 2017an.