Goierriko liburu azokak inoizko berezienak izango dira aurten
Lazkaon liburuak enkarguz eskatzeko katalogoa prestatu dute. Seguran ekintzei ekin diete dagoeneko eta bihar bi kontzertu izango dira. Ataunen azoka 'online' izango da
Goierriko liburu azokak bereziak izango dira aurten pandemia egoera dela eta. Lazkaon eta Seguran azoka fisikoki antolatuko dute eta Ataunen, aldiz, online izango da, liburuen aurkezpenak izan ezik. Ekintzen egitarau oparoa antolatu dute hiru herrietan. Ezohikoa eta apartekoa izango den arren, gogotsu agertu dira antolatzaileak.
«Ez dakigu zer erantzun izango duen jendeak, azalduko diren ala ez, baina animotsu ari gara lanean», esan du Joxepa Madariaga Irastortza Lazkaoko antolatzaileak. Hiru egunetan zabalduko dute azoka Lazkaon, XXXII. edizioa izango den horretan: abenduaren 18an 16:30etik 20:00etara, 19an 10:00etatik 14:00etara eta 20an 11:00etatik 14:00etara. Eskariak, halere, enkarguz egin beharko dira aurten, Gerriko liburudendaren webgunean dauden telefono zenbakietara idatzita edo deituta, azoka egun horietan jasotzeko.
Horretarako katalogo bat prestatu dute nobedadeekin, helduentzako komikiekin eta haurrentzat adinka sailkatutako liburuekin: «Jendea mugitzen ari da eta esperantza onak ditugu». Frontoian jarriko dituzte ostiraletik aurrera disko eta liburuak salgai: «Leku irekia da, segurua eta ziurtasun horrekin jokatzen dugu», azaldu du Madariagak. «Euskal produktuak kontsumitzeko, liburuak irakurtzeko, musika entzuteko edo jolasak erabiltzeko» zaletasuna bultzatzea dute helburu. Azoka presentzaiala izango da, baina aurrez egindako eskariei emango diete garrantzia.
Ariguneak sortzen
Lazkaoko antolatzaileak adierazi du irakurzaletasuna «landu eta ikasi» egin behar dela, eta liburu azokek hori bultzatu eta sustatzeko aukera ematen dute. Baita euskaraz ere: «Guk ahobizi izaten, belarriprest izaten eta ariguneak sortzen jarraitu nahi dugu; azoka horixe da, euskaraz lasai egin daitekeen gunea».
Nahiz eta azoka antolatzeak lan handia duen, herritarren jarrerak merezi duela adierazi du Madariagak: «Azokaren atzean lan handia dago, baina jendeak erantzuten badu, interesa agertzen badu eta pozik azaltzen bada, lanari heltzeko ez daukagu inongo arazorik eta horrelaxe jarraituko dugu». Aurten ez dute hamaiketakorik egingo, baina musika eta liburu aurkezpenak izango dira: «Sorpresaren batzuk ere egongo dira».
XIV. azoka Seguran
Segurako liburu eta disko azoka ere abenduaren 18tik 20ra egingo dute, Botikaxaharrean. Liburu azokaren XIV. edizioa izango da. Ostiralean 18:30etik 20:30era zabalduko dute, larunbatean 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era, eta igandean 11:00etatik 14:00etara. Dena den, ekintzak ez dituzte egun horietara mugatuko, abendu osora zabalduko baitituzte. Atzo izan zen lehenengoa: Maddi Ane Txoperenak Ene baitan bizi da liburuaren aurkezpena eta tertulia eskaini zuen.
Hitz edo Irri Euskara Elkarteak, Elorri Elkarteak, Guraso Elkarteak eta Gazte taldea dira antolatzaileak eta, aurten, beste talde bat ere batu da: Ganbaran norbait dabil elkartea. Azken honek antolatu ditu larunbatean Botikaxaharrean izango diren bi kontzertuak.
Beste berrikuntza bat ere izango dute Segurako liburu azokan: Miñaripe mahai jokoa. Alaitz Imaz Arrondo antolatzaileak azaldu duenez, 2017an hasi ziren jokoa prestatzen eta aurtengo azokan izango da eskuragarri. Herriko etxeen izenak edo galtzear dauden hitzak jolasean ikasteko aukera ematen du.
Abenduak 13, azken eguna
Ataunen, berriz, XV. liburu azoka ez dute modu presentzialean ospatuko. Online izango da: «Zoritxarrez ez da posible izan fisikoki antolatzea, leku itxian izaten delako eta gaitasunik edo aukera gehiegirik ez genuelako», jakinarazi du Aitor Aldasoro Sukia antolatzaileak.
Lazkaon egin dutenaren antzera, katalogo bat sortu dute argitaletxeka sailkatutako haur, gazte eta helduentzako liburuekin osatuta. Ataungo Udalaren webgunean aurki daiteke. Bertatik aukeraketa egin eta liburuetadiskoazoka@gmail.com helbidera bidali edo San Martin, San Gregorio zein Aiako auzoetan jarriko dituzten buzoietan utzi behar dute eskaera orria herritarrek abenduaren 13a baino lehen. Banaketak hilaren 21ean, 22an eta 23an egingo dituzte. Ataundarrek azoka presentzialik izango ez duten arren, hainbat aurkezpen antolatu dituzte abenduaren 13tik 19ra bitartean.
Bestalde, Lazkaon, Seguran nahiz Ataunen liburuek prezio berezia izango dute. Azken urteetan bezala, %15eko deskontua aplikatuko zaie erosketei, hiru herrietako udalek diruz lagundu dutelako. Formatu desberdinetan eta egoerara egokituta bada ere, Goierrin liburu azokak antolatzen dituzten hiru herriek ekimenari eutsiko diote.
LIBURU AZOKAK: Egitaraua
LAZKAO
- Abenduak 19. 13:00etan hasita,Eneko Aizpuruak Bidasoan gora liburua aurkeztuko du, eta Ane Odriozolak El Secreto de Gibola eta La sombra de Gibola lanak, pilotalekuan.
- Abenduak 20. EnekoDorronsorok Fredi Pelaezekin batera sortutako Agirre diskoa aurkeztuko du, 13:00etan, pilotalekuan.
SEGURA
- Abenduak 12. Esanezin bakarlaria 13:00etan eta Xabier Crehueten kontzertua, 18:00etan. Botikaxaharrean.
- Abenduak 15. Jakoba Errekondoren Etxeko landareak liburu aurkezpena, Denon Gelan. Abenduak 18. Herriko egutegirako argazki lehiaketako sari banaketa egingo dute.
- Abenduak 20. BadakiNK lehiaketaren sari banaketa, 12:00etan.
ATAUN
- Abenduak 13. Monika Arratibelek eta Xabi Etxanizek egin berri duten ipuina aurkeztuko dute, Herri Antzokian, 12:00etan.
- Abenduak 15. Koldo Alijostesek Bizitzak liburua aurkeztuko du udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan.
- Abenduak 18. Ama-alu-lur antzerki liburua aurkeztuko du May Gorostiagak, HerriAntzokian, 18:30ean.
- Abenduak 19. Haize lekuak liburuaaurkeztuko du Amaia Telleriak, 12:00etan, batzar aretoan.