'Laino txiki, egizu negar poliki' liburua aurkeztu dute Monika Arratibelek eta Xabier Etxanizek
Konfinamenduan sortutako 'Laino txiki, egizu negar poliki' liburuaren aurkezpena egin dute gaur goizean Ataungo Herri Antzokian. Monika Arratibelek eta Xabier Etxanizek ilustrazio bidezko ipuin kontaketa eskaini dute.
Ataungo Herri Antzokian aurkeztu du Monika Arratibel irakasleak, Xabier Etxaniz ilustratzailearen laguntzarekin ‘Laino txiki, egizu negar poliki’ liburua.
Itxialdian, Xabierrek WhatsApp batean bota zion Monikari ideia: “bazen behin negar egiten ikasi ez zuen laino bat”. Esaldiari tiraka, Monikak pentsatu zuen ea berari zerk sorrarazten zion negargura: bakarrik eta lagunik gabe geratzeak. Abiapuntua definituta, “elkarrekin egon gabe baina elkarrekin” sortutako proiektua da ‘Laino txiki, egizu negar poliki’. Monikak betidanik izan du gustuko haur literatura, eta bere ikasleentzat istoriotxo bat sortzea bururatu zitzaion. Emaitza Youtubera igo zuen eta harrera ona izan zuenez, idazle baten bitartez Erein argitaletxearekin harremanetan jarri eta liburu formatuan jarri dute salgai. Durangoko Azokan egin zuten haien lehen ipuin kontaketa, eta gaurkoan Monikaren herrian, Ataunen izan da.