Beasainen erosteko eta kontsumitzeko deia
'Zure aukera Beasain' kanpaina abiatu dute: kontsumoa sustatzeko erakuslehio lehiaketa egingo dute eta bezeroen artean zozketak izango dira
Bareak Beasaingo Merkatari Elkarteak eta Beasaingo Udalak Zure aukera Beasain gabonetako kanpaina abiatu dute. “Jendeari ikusarazi nahi diogu Beasainen gabon onak pasatzeko behar dugun guztia dugula: denetariko dendak eta zerbitzuak, tabernak eta jatetxeak. Ez dugu urrutira joan beharrik. Horregatik Beasain gure herritarren aukera izatea espero dugu”, azpimarratu du Luisi Izquierdok Bareakeko merkatarien izenean. Herrigunetik ezin zenean atera herritarrek bertako dendetara jo dutelako gustura agertu dira eta joerari eutsi egin nahi diote. Askotariko ekintzak antolatu dituzte horretarako.
Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa martxan da dagoeneko. 25 denda ari dira lehiatzen eta urtarrilaren 6ra arte izango dituzte erakusleihoak apainduta. Herritarrek aukeratuko dute norena den ederrena. Establezimenduetako boto-txartelak erabili behar dira horretarako edo Bareakeko Facebook bidez. Botoa ematen duten guztien artean 200 euroko erosketa txeke bat eta 100 euroko bi txeke zozkatuko dira. Abenduaren 30ean jakinaraziko da nor den irabazlea. Boto gehien jasotzen duenak urte osoko erakusleiho apainketa zerbitzua irabaziko du.
Urtea amaitu bitartean Beasain txartelarekin ordaintzen duten bezero guztien artean gabonetako 50 otar baino gehiago zozkatuko dira. Unean bertan jakingo da saritua izan den ala ez, datafonoak ematen duen tiketean agertuko baita abisua.
Erosketak egiterakoan poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte izakinak agortu arte. Gorriak dira eta zure aukera Beasain leloa daramate. Era berean, “herria girotzeko asmoz”, establezimendu bakoitzak gabonetako bola formako apaingarri bana jarri du. Apaingarri hauek ere zure aukera Beasain leloa dute. Halere, aurten ez da txutxu trenik ibiliko herriko kaleetan. Osasun egoera dela eta antolatzaileek ez egitea hobe dela ebatzi dute eta, honen ordez, bideo bat grabatuko dute eta datozen egunetan kaleratuko dute.
Merkatariak, oinarrian
Leire Artola alkate ordeak Beasainen erosteak eta kontsumitzeak “berebiziko garrantzia” duela esan du, “are gehiago 2020 ezohiko honetan”. “Bertan kontsumituz, ekonomia indartzeaz gain, herri izaera indartzen dugu. Gainera, gizarte-kohesiorako ezinbesteko elementua kontsideratzen dugu merkataritza”.
Ane Aristi Bareako kideak aipatu du “urte gogorra” izan dela balantzea egiterakoan, eta eskerrak eman dizkie “Beasaingo denda, zerbitzu eta ostalaritzaren aldeko apustua egin duten guztiei”. Halaber, aurten erretiroa hartu duten merkatariak abenduaren 30ean omenduko dituztela iragarri dute. Oroigarria jasoko dutenak hauek izango dira: Joxe Mari Telleria eta Gema Mujika Fotoetxe argazki dendakoak; Mari Carmen Liebana eta Mari Jesus Irizar (aurten zendua) Orki bitxi-dendakoak; Maritxu Garmendia Maritxu janari dendakoa; eta Maritxu Urbizu Maiur ohial dendakoa. Ekitaldia abenduaren 30an 15:30ean izango da, udaletxeko batzar aretoan.