Goierriko liburu ekoizpenaren %52 euskaraz atera da 2020an
Argitaratu diren 40 tituluetatik 21 euskara hutsean kaleratu dira, eta lau elebitan .Helduen eleberrigintzan segitzen du euskarak desabantaila handiena nozitzen.
Bukatzear den 2020. urteak liburu ekoizpenean 40 titulu ekarri ditu Goierriko bibliotekara. Eskualdeko pertsonaiei edo lekuei buruz, nahiz bertako idazleek idatziak dira. Iaz 37 liburu argitaratu ziren, eta 2018an 45.
Eleberrigintza izan da genero oparoena, sail horretan sartzen baitira 15 liburu (%37,5). Tokiko historiari buruzko lanak dira ondoren ugarienak, kopuruz: 10 (%25). Haur eta gazte literaturak 5 titulu berri (%12,5) eman dituzte, olerkian 4 (%10), eta gida, sukaldaritza errezeta, saiakera eta biografiagintzan bina. Genero literarioetan, guztira 26 liburu atera dira; ez literarioetan 14.
Hizkuntzari dagokionez, ekoizpen guztiaren erdia pasatxo, %52,5, euskaraz atera da: 21 liburu. Gaztelania hutsean %35 (14 liburu), elebitan %10 (lau), eta hiru hizkuntzatan bat.
Sail batetik bestera, ordea, hizkuntzaren erabilerak oso desberdinak dira. Helduen eleberrigintzak bereziki gaztelaniazkoa izaten jarraitzen du. 15 titulutatik 9 erdaraz egin dituzte eskualdeko idazleek, eta sei euskaraz. Idazlea euskal hiztuna den kasuan ere, gaztelania aukeratu dute askok literaturarako.
Gaztelaniarako joeraren sintoma, 13 urteko legazpiar mutikoak haur eta gazte literaturan atera duen eleberriaren hizkuntza-hautua da: gaztelaniaz. Beste erpinean, olerkigintzak euskarazkoa izaten jarraitzen du, nahiz eta ekoizpena ez den oso ugaria izan. Antologiak dira nagusiki, gainera, euskaraz atera diren hiru olerki lanak.
Legazpin hamar titulu
Herrika, aipagarria da Goierriko lau titulutik bat Legazpin egin izana. Hamar lan argitaratu dituzte herri horretan, edo hango idazleek eginak. Beasain (6), Zumarraga (4), Zaldibia eta Ormaiztegi (3na) datoz ondoren. Eskualdeko 13 herritan ikusi du argia libururen batek, aurten.
Egileei eta idazleei dagokienez, Antxiñe Mendizabalek helduen eleberrigintzara jauzi egin du. Odolekoak lana du lehenengoa esparru horretan. Idazle gazteen hurrengo belaunaldiaren ordezkari, Amaia Telleria idiazabaldarraren agerpena izan da eskualdeko literaturan ernemuin bat. Haize-lekuak, lehen eleberria, ondu du.
Saiakeran ekarpen mardul bat gehiago egin dio Joxe Azurmendi zegamarrak euskal filosofiari.
Diskogintza, isilago
Izurrite urteak ez dio batere onik egin diskografiari. Ekoizpena asko urritu da, itxialdiek eta kontzertuen debekuek histuta.
Eneko Dorronsoro trikitilari ataundarrak bere aurkezpen diskoa atera zuen, urtarrilean: Agirre. Asier Lopez beasaindarrak Horrela bizitzeko proiektuko lehen atala egin du, Formazio duala. Xabier Crehuet ordiziarraren Gautar da beste printza argitsu bat Goierriko musikagintzan.
Gorka Hermosa akordeoilariak harizko orkestrarekin ondutako lana, The Northagirres urretxuarren Cavare diskoa, Starblues ordiziarren Hitz gatibuak bigarrena, edota Saioa Garinen laugarrena, Ateak, dira urteak utzitako aipagarrienak.