Kultur kutsuko Gabon jaiak
Ekitaldi ugari antolatu dituzte Idiazabalen abenduaren 20tik urtarrilaren 5era bitartean. Saioetarako sarrerak gaurtik aurrera eskuratu daitezke liburutegian.
Eguberriak aurten bereziak izango dira, baina girorik ez da faltako. Idiazabalgo Udalak egitarau oparoa prestatu du abenduaren 20tik urtarrilaren 5era bitartean. Olentzeroren eta Mari Domingiren eta errege magoen ohiko bisitez gain, hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte. Ekintzetarako sarrerak aurrez hartu behar dira eta gaurtik aurrera egongo dira eskuragarri liburutegian: astelehenetik ostegunera 10:30etik 12:30era eta 16:30tik 19:30era izango da, eta ostiralean 10:30etik 12:30era eta 16:30etik 19:00etara. Bertso saiorako erreserbak Izparren egin behar dira. Telefonoz ez dute erreserbarik onartuko.
Osasun egoera dela eta, Idiazabalgo Udalak jarraibide batzuk zehaztu ditu saioetarako: besteak beste, gutxienez ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago bertaratzea eskatu dute eta tenperatura hartuko zaie ikusleei ekintzen sarreran.
Egitarauko jarduerez gain, postal, eskulan, idazlan eta bideo lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa jarriko dute udaletxean hilaren 28an; sari banaketa urtarrilaren 5ean izango da. Lanak bidaltzeko epea zabalik dago oraindik eta interesa dutenek abenduaren 23ra arte izango dute aurkezteko aukera. Herriko dendetan erosteko bonoak banatuko dituzte sari gisa.
Gabonetako egitaraua
· Abenduak 20: Alaken azoka. Pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era.
· Abenduak 23: ‘Esnatu Naiz’. Andoni Mutiloaren kabareta Guraso Elkartean 18:30ean.
· Abenduak 24: Olentzero eta Mari Domingi. Balkoietatik afalostean.
· Abenduak 26: Mikra. Zirko ikuskizuna pilotalekuan, 17:30ean.
· Abenduak 27: Bertso saioa. Aroa Arrizubieta, Aitor Bizkarra, Jon Gurrutxaga, Maddi Sarasua, Garazi Nabarro eta Urko Arregi bertsolariak, elizan , 18:00etan.
· Abenduak 28-29: Misterio etxea. Scape room-a, 13 urtetik gorakoentzat.
· Urtarrilak 4: Tramankulu jolas kooperatiboak pilotalekuan.
· Urtarrilak 5: Errege magoen bisita. Guraso Elkarteak antolatuta, karrozan ibiliko dira herrian zehar.