Ostalariak semaforoari begira
Eremu gorrietan dauden herrietan salbu, larunbatetik zabalik dago ostalaritza. Ordizian, Beasainen eta Zaldibian ezingo dute ireki, gutxienez ostegunean txosten berria atera arte.
Ostalaritza establezimenduek ateak ireki zituzten larunbatean berriro, hilabete luzez itxita egon eta gero. Goierrin, Ordizia izan zen salbuespena. Intzidentzia tasak eremu gorrian kokatzen zuen larunbata aurretik, eta horregatik, establezimenduak itxita mantendu dira. Ireki ahal izan zuten herrietan, gogotsu eta ilusioarekin hasi dira orokorrean. Baina ilusioak gutxi iraun du batzuen kasuan, Jaurlaritzak jakinarazi baitzuen atzo, Beasainen eta Zaldibian berriz ere itxi egin beharko dutela ostalariek, intzidentzia tasaren gorabeheren ondorioz.
Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena saihesteko urtarrilaren 11ra arte ezarri dituen neurri berriek zehazten dute, ostalaritzaren irekiera zein baldintzatan egin daitekeen. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dira neurriok, eta larunbatean jarri ziren indarrean. Terrazak %100ean zabaldu ahal dituzte eta taberna eta jatetxe barruan %50eko edukiera baimendu dute. Barran eta zutik kontsumitzea debekatuta dago. Gainera, taberna barruan maskara derrigorrezkoa da, eta kontsumitzeko unean soilik ken daiteke. Ordutegia, 06:00etatik 20:00etara izango da, 21:00ak arte eskariak jartzeko aukera eta janaria etxera eramateko ordutegia 22:00etan amaituko da.
Eremu gorriak
Legazpiko Katilu taberna 09:00etan ireki zuten larunbatean. Etengabea izan zen bezeroen sartu-irtena. Gerardo jabea «pozik» agertu da azkenean ireki eta lanean hasi ahal izan dutelako, ixteko ordua 20:00etan izateak «kalte handia» eragingo diela jakin arren. Jatetxe zerbitzua ere badute, eta iluntzean ezingo dute eskaini, aurrerago etxera eramatekoa eskaintzea pentsatzen hasita badaude ere. Ordutegia poteorako ere «oso motz» geratzen dela kexatu da, eta muga horrek ekonomikoki «galerak» ekarriko dizkiela pentsatzen du.
Goierriko herri gehienetan ireki dituzte ostalaritza establezimenduak, baina, esan bezala, badira salbuespenak. Baldintza bat jarri du Eusko Jaurlaritzak; udalerria eremu gorrian ez egotea, hau da, 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gutxiagoko tasa izatea. Irizpide horrek baina, 5.000 biztanletik gorako herriei eragingo die. 5.000 biztanle baino gutxiagokoetan aldiz, kasuz kasu aztertuko dute osasun egoera, eta horren arabera erabakiko dute tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena eman ala ez.
Ordiziak, 5.000 biztanleen langa gainditzen du, eta azken datuen arabera, 742,23ko intzidentzia duenez, itxita mantendu dira taberna eta jatetxeak, horrela, kanpora eramateko zerbitzuarekin jarraitu dute. Olano taberna da horietako bat, eta Phil Huxford arduradunak esan duenez, ez zaio bidezkoa iruditzen herriko ostalaritzaren egoera, «ni ondoko herri batera joan naiteke eta hango jatetxe batean bazkaldu,baina nirean ez; ez dut ulertzen». Bitartean, etxera eramateko kafea eta janaria ari dira eskaintzen, eta ondo doakiela dio, «herriko jendeak ondo erantzuten du, asko laguntzen ari da». Hala ere, diru sarrerak asko jaitsi direla aipatu du, ez bakarrik tabernarenak, baita bertan lan egiten ari diren langileen familietakoak ere, ABEEn dituztelako.
Seguran berriz, intzidentzia tasa 500dik gorakoa izanda ere, tabernak irekita egon dira aste-buruan. Arrazoia da, Beasaingo osasun eremuan dagoela, eta bertako intzidentzia tasa 437 lagunekoa zela.
Errebisioa astean bitan
Ez da hor bukatzen kontua, Osasun Sailak astelehen eta ostegunetan egingo duelako intzidentzia tasako datuen errebisioa. Laburbilduz, tokiko intzidentzia tasak gora edo behera egin, taberna eta jatetxeak itxi edo ireki beharko dituztela.
Ostalarien pazientzia agortzen ari da, ordea. Kontua da, aste berean, edozer gerta litekeela. Eta hori da Beasainen gertatu dena, hain zuzen ere. Larunbatarekin batera ireki zituzten ateak tabernek eta jatetxeek. Nafarroa etorbideko Ogi Berri izan zen horietako bat. Ogi Berri okindegi eta kafetegia da, eta ostalaritza itxita egon den bitartean kanpora eramateko zerbitzua izan dute martxan, kafea, gosariak eta meriendak eskaintzen zituzten. Larunbatetik ere bai, bezeroek lokalean bertan edo terrazan hartu ahal izan dituzte. Hiru egun baino ez ditu iraun pozak. Oihana Benito establezimenduko arduradunak garbi utzi du: «Orain ireki, hiru egunetara itxi, ondoren berriro ireki, eta berriz itxi… horrela ezinda!». Uste du orain osasuna dela«garrantzitsuena», eta hori babesteko neurriak hartzea «zalantzarik gabe, beharrezkoa» dela. Baina hutsuneak ikusten ditu: «Ostalaritza itxita egon da eta datuek gora jarraitzen dute, beraz, ostalaritzatik kanpo zerbait gertatzen ari da eta zerbait egin beharko dute, ala?».
Iritzi berekoa da Felix Huizi Beasaingo Plazape tabernako arduraduna ere. «Pozik ireki genuen larunbatean, baina atzo goizean, lehen zurrumurruak iritsi, eta azkenean baieztatu genuen…hau ezin da jasan!». Kezkatuta eta haserre dago: «Berriro eskaerak egin, lanerako guztia antolatu, eta zertarako? Berriro itxi behar izateko? Ordezkari politikoak ez dira une bakar batean ere gure azalean jartzen, edo zer uste dute, horrela posible dela?». Gertatzen ari denaren aurrean, mobilizatzen jarraitzea «guztiz beharrezkoa» dela nabarmendu du. «Manifestazioak egin ditugu bizi dugun egoera gizarteratzeko, baina ez da nahikoa, beraz pauso gehiago emango ditugu soluzioen bila».
Beasain bakarrik ez, Zaldibian ere eremu gorrian sartu eta taberna eta jatetxeak itxi beharko dituzte gaurtik, gutxienez ostegunean argitaratuko duten txosten berria atera arte. Anartz Zinkunegi Arrese tabernako arduradunaren esanetan, «ez da zilegi guk itxi behar izatea eta supermerkatuak zabalik jarraitzea, garraio publikoan neurri zorrotzik ez hartzea,… Ez da normala!». Horrez gain, informazio falta salatu du, ez baitiete argitu ez noiztik itxi beharko duten, ez eramateko zerbitzuarekin jarraitu ahalko duten.
Bide beretik, Zaldibiako Udalak ohar bidez bere kexa helarazi du, ez dutelako inolako jakinarazpen ofizialik jaso, «ez egoera honen inguruan, ez eta hartutako erabakiaren nondik norakoan». Hala izanda ere, berria jakin bezain pronto jarri ziren herriko ostalariekin harremanetan, ixteko agindua indarrean gaur sartuko dela jakinarazteko.