'Pakito' Mujika preso politiko ordiziarra aske gelditu da
28 urte eta 9 hilabete eman ditu espetxean guztira. 1992an atxilotu zuten Bidarten. 9 urte pasa zituen preso Frantzian eta 2000. urtean Espainiaratu zuten

Francisco Mujika Garmendia Pakito preso politiko ordiziarra aske gelditu da. Joan den ostiralean atera zen Aragoiko Zuerako espetxetik, guztira 28 urte eta 9 hilabete kartzelan pasa ondoren. Gaur egun 67 urte ditu Mujikak. 1992an ETAren zuzendaritzaren aurka egindako sarekada batean atxilotu zuten, Bidarten, Jose Luis Alvarez Txelis eta Joseba Arregi Fiti-rekin batera. 9 urtez Frantzian izan zuten preso, 2000. urtean Espainiaratu zuten arte. 2003an, 2.354 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Zaragozako kuartelaren aurka egindako atentatua leporatuta. Azken hamar urteak Zuerako espetxean egin ditu, lehen graduan. Espainiako Auzitegi Nazionalak, dena den, ez zizkion Frantzian betetako urteak kontuan hartu eta, hori dela eta, luzeago egon da kartzelan.
Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra datorren urtean beteko zukeen Mujikak, baina haren defentsak argudiatu duenez Frantziako Fresneseko kartzelan gehiegizko hilabeteak eman zituen, Espainiaratze aginduaren zain zegoela. Agintari frantsesek orain aitortu dute behar baino denbora gehiago izan zutela kartzelan, eta Auzitegi Nazionalak ebazpen hori onartu du.