Segurar izatea mahaiaren bueltan
Hainbat urteko lanaren ondoren, esku artean dute Segurako Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri elkarteko kideek Miñaripe mahai-jolasa. Transmisio ariketa bat da, ondo pasatuz herriari buruzko hainbat kontu ikasteko.
Segurako Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri euskara elkarteko kideak 2014an hasi ziren Miñaripe lehia-jolasari forma ematen, eta sei urteko ibiliaren ondoren, esku artean dute Miñaripe mahai-jolas berria. Ostiraletik igandera Botikaxaharrean jarriko dute salgai, Segurako Liburu eta Disko azokaren barruan, eta hortik aurrera kultur etxean eta Ardixarran egongo da salgai. Lierni Elortza, Asier Alustiza eta Alaitz Imaz elkarteko kideek eman dute mahai-jolasa sortzeko prozesuaren eta xehetasunen berri.
«Momentu hartan, 2014an, telebistan zegoen Mihiluze saioa herrian egiteko ideia neukan buruan aspalditxotik, bertan egiten ziren probak gure herrira egokituta, baina amets baten moduan ikusten nuen. Materiala bazegoen, baina elkarteko kide guztiak nagusiak ginen eta horrelako ekimen bat aurrera ateratzeko informatikaz ulertzen zuen jende gaztea behar genuela pentsatu nuen», gogoratu du Elortzak. «Ideia komentatu genienean, gazte askok elkartean sartzea erabaki zuten, eta lehiaketarekin martxan jarri ginen».
Lehia-jolasetik mahaira
Aurrez aurreko Miñaripe lehia-jolasak bost edizio izan ditu guztira. Lehiakide zein antolatzaileak Botikaxahar aretoan bildu izan dira beti, eta guztira 100 bat lagunek hartu dute parte. «Espero genuena baino harrera hobea izan zuen. Lehenengo edizioa eskolako umeekin egin genuen, baina lehiaketa amaitu zenean jende ugari hurbildu zitzaigun beraiek ere parte hartu nahiko zutela esanez», azaldu du Alaitz Imazek.
Zuzeneko saioek izandako arrakasta ikusirik, lehiaketa hori mahai-jolas egiteko hautua egin zuten segurarrek. Imazen esanetan, «material pila bat sortzen» ari ziren urtez urte, baina behin saioetan erabili eta gero, hortxe amaitzen zen, eta hurrengo urterako berriro ere eduki berria sortzen zuten. «Hori gordetzeko, bururatu zitzaidan lehia-jolas hau mahai-joko bihurtzea. Azkenean uste baino lan gehiago eman digu, eta hiru urte eman ditugu proiektu hau aurrera ateratzeko».
Izena ere ez diote halamoduzkoa jarri, mihiluze hitzaren aldaera batetik baitator. Asier Alustizak kontatu du haren esanahia: «Mihiluzea izatea mingain azpiko hari hori ez edukitzea edo luzea edukitzearen arrazoia da. Hori Segurako euskarara ekarrita, miñaripe izango litzateke, min-haririk-gabe».
Transmisioa ikasbide
Transmisio hitza oso presente izan dute uneoro, Elortzak nabarmendu duenez: «Izan ere, hori izan zen mahai-jolas hau sortzearen arrazoi nagusia. Seguran altxor handi bat daukagu, gazteagoak garenok dagoeneko galtzen hasi garena, eta liburuetan gure herriari buruzko material asko dagoen arren, beti errazagoa izan ohi da jolasen bidez ikastea».
Segura, taula gainean
Miñaripe mahai-jolasaren ezaugarri nagusienetako bat bere itxura da, izan ere, taulak Segurako forma du. Jokoa Erraztiolatza laukitik hasten da. «Uste da antzina gure herriaren izena Erraztiolatza zela, eta horregatik honi keinu bat egiteko asmoz sartu dugu elementu hau», aipatu du Alustizak. Honez gain, Seguran dauden hainbat ezaugarri eta elementu ere txertatu dituzte taulan, esaterako: San Andresgo ermita, Plazea, ur-putzuak, labirintoa, sua, herriko ate esanguratsuenak… «Elementu guztiek jokoan eraginik ez duten arren, batzuk honen parte dira. Ur-putzuek, adibidez, antzara-jokoan egiten den moduan, antzaratik antzarara mugitzeko balio dute. Sua, bestalde, elementu zigortzaile bat bezala dago, garai batean Segurako herria askotan erre zelako».
Guztira bost froga mota jasotzen ditu, eta Segurako ibilbidean dauden laukietan, bost froga hauetako bat egin beharko du jokalariak. Kiñuka/marraztu-n, marraztuz edo keinuka eginez asmatu behar du jokalariak txartelean ageri dena; Asmau zan/k laukian, hiru galderen erantzunak asmatu behar dira; Bertsotan tokatuz gero, txartelean idatzita dagoen bertsoari aukeran dauden bertso-oinak non jarri asmatu beharko da, Ikusi-makusi laukian, txarteleko argazkian azaltzen den Segurako elementu bat identifikatu beharko da; eta Zopagaietan Segurako hitz edo esapideen esanahia asmatu beharko da hiru aukeren artean.
Guztiontzat aproposa
Miñaripe mahai-jolasa segurarrei begira egindako lan bat izan arren, honako mezua helarazi die Alustizak ez direnei. «Segurarra ez den eta jokoa erosi nahi duen horri esango nioke momenturen batean galduta ibili daitekeen arren, joko hau altxor bat dela euskararentzat eta merezi duela. Guztiontzat aproposa dela uste dugu». Lagun artean ez ezik, Miñaripe familia giroan ere «ondo pasatzeko tresna ezinhobea» dela nabarmendu dute euskara elkarteko hiru kideek.
Miñaripe mahai-jolasa: Jakitekoak
· Izenburua. Miñaripe.
· Galdera kopurua. Froga bakoitzean 70 txartel eta 350 galdera guztira.
· Nori zuzendua. Batez ere segurrarrei, baina guztiontzat da jolas aproposa.
· Non eskuratu. Segurako liburu eta disko azokan abenduaren 18tik 20 ra (22 euro). Hortik aurrera liburutegian eta Ardixarra etxean (25 euro).
· Argitaratzailea. Segurako Hitz eta Irri, Euskara Elkarri elkartea.