Goierriko ezpata-dantzarien jantziak Miarritzen daude ikusgai
Maritzuli konpainiak Euskal Herriko ezpata-dantzen inguruko erakusketa antolatu du. Beasaingo, Legazpiko eta Zumarragako dantzarien jantziak daude ikusgai, besteak beste.
Goierriko ezpata-dantzarien arropak Miarritzeko ezpata dantzen inguruko erakusketan ikusgai daude. Maritzuli konpainiak antolatutako erakusketa da eta Euskal Herriko ezpata-dantza ezberdinen inguruko xehetasunak biltzen ditu, tartean jantziak. Beasaingo jantziekin batera, Legazpiko eta Zumarragako dantzarien irudiak ere badaude, besteak beste.
Aurtzaka dantza taldeak bidalitako arropek Iparraldea itxi baino egun bat lehenago gurutzatu zuten Bidasoa ibaia. Halere, erakusketak ezin izan ditu ateak zabaldu eta antolakuntzak bideo bat prestatu du bisita etxetik egin ahal izateko. GOIERRIKO HITZAren webgunean erakusketa ikusteko aukera dago.
Eliz-dantza baino gehiago
Maritzuli konpainiak urtero ezpata-dantza kalera ateratzen du San Martin egunaren bueltan. Aurten, gainera, Euskal Herriko han hemenkako ezpata-dantza ezberdinen erakusketa antolatu dute. Guzti honekin, konpainiaren asmoa ezpata-dantzak elizan dantzatzen duten bizpahiru dantzariak baino gehiago direla erakustea da. Duela bost mendetik hona Europa guztian dantzatzen dira ezpata-dantza ezberdinak. Goierrin hiru era ezberdin dantzatzen dira.