Herriaren irudia herriak aukeratuko du
Zaldibiako Udalaren ikur berria izango dena aukeratzen ari dira egunotan, bozketa bidez. Herritarrek igandera arte dute botoa emateko aukera. Kontaketa igande eguerdian egingo dute
Zaldibiako Udalak aste honetan ekin dio irudi berria hautatzeko prozesuaren azken faseari. Astelehenean hasi eta igandera bitartean, aurkeztutako lau irudien artean aukeratu beharko dute, bozketa bidez. Aurreneko egunean, 50 bat herritarrek eman dute botoa. Igande eguerdian egingo dute botoen kontaketa.
Prozesua udazkenean hasi zen, eta osoko bilkuran proiektua bide eman ondoren, herritarrei lehen kontsulta bat egin zitzaien, galdetegi baten bidez. Galdetegi horien emaitzekin eta parte-hartzearekin «gustura» agertu da udala. Planteatutako prozesuaren inguruan «adostasun zabala» jaso dute herritarren partetik. Orain, azken ahalegina egin eta botoa ematera joateko deia egin die udalak herritarrei.
Herenegun ekin zioten parte-hartze prozesuaren bigarren faseari, aurkeztutako lau irudien artean aukeratzeko bozketarekin. 12 urtetik gorako herritar guztiek parte har dezakete. Karreane kultur etxean jarri dute boto kutxa, eta irudi bakoitzaren azalpenak ere bertan ikus daitezke. Boto papera hartu, eta gustuko irudia aukeratu behar da ‘X’ batekin markatuta.
Bozketa eta kontaketa
Gaur eta ostiralean, goiz eta arratsaldez (11:00-13:00 eta 16:30 -19:00) bozkatu ahal izango da; bihar arratsaldez (16:30 – 19:00) eta igandean goizez (11:00-12:00). Eguraldiak laguntzen badu, asteburura begira plazara atera nahi dute mahaia, herritarrei botoa emateko aukera gerturatzeko. Igande eguerdian, bozketa itxi eta kontaketa publikoa egingo dute, Karreanen bertan. Kontaketa saioan jarraipen batzordeko kideek soilik parte hartu ahalko dute. Nahi duten herritarrek, begirale moduan joan ahal izango dute. Covid-19a ekiditeko protokoloak direla eta, aforoa mugatua izango da, eta herritarren bat sartu ezinik geratuko balitz, eta hala eskatuz gero, boto kutxa zabaltzen denetik kontaketa amaitu arte bideo grabazio bidez jasoko litzateke zenbaketa guztia.
Behin kontaketa egindakoan, emaitza Zaldibiako Udaleko osoko bilkurara eramango dute, «herritarrek erabakitakoa ofizializatzeko eta Zaldibiako Udalaren irudi berria» izendatzeko.
Armarri historikoa ez duela aldatuko argitu du Udalak
Udal irudia berritzeko prozesuaren inguruan sortutako zalantzak argitze aldera, Udalak zehaztu du ez duela bere armarri historikoa aldatuko. «Hainbatek nahastu egin du udal irudia aldatzea eta armarria aldatzea». Aukeratuko dena, udal agirietan eta komunikazio euskarrietan erabiliko den irudia da, alegia, «udalaren ikur edo sinbolo nagusia» izango dena. Udalak garai bakoitzean erabilitako ikur eta jatorrizko agiriak herriko artxibategian gordetzen jarraituko du. Eta egungo udaletxea eraitsi aurretik, bertako horman dagoen har-landuzko armarria osorik ateratzen saiatuko dira, eta bere horretan gordeko dute, harekin zer egin erabaki arte.