Herrian kontsumitzen jarraitzeko eskatu dute merkatari elkarteek
Bareak elkarteak herrian bertan eskaintza zabala dagoela azpimarratu du. Herriko kontsumoa lehenetsi dute goierritarrek herri mugakideetara soilik joan zitekeenean
Bareak Beasaingo Merkatari Elkarteak Eguberritako kanpaina jarri du martxan, Zure aukera, Beasain goiburupean. Beasaindarrek herriko kontsumoa lehenetsi dutela nabari dute elkarteko kideek herri mugakideetara bakarrik joan zitekeenean.
Tabernak itxita eta herritik ezin atera, dendaz denda ibili da jendea. Askok, gainera, Gabonetako erosketak eta opariak egiteko baliatu dituzte egun horiek. Horrela, atzo aurkeztutako kanpainaren bidez Beasaingo dendetan erosten jarraitzeko mezua zabaldu diete herritarrei. Herrian bertan behar diren produktu eta zerbitzu guztiak aurki daitezkeela azpimarratu dute.
Bitartean Zumarraga eta Urretxuko merkatari, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteak ere nabarmendu du dendetan mugimendu handiagoa izan dela. Halere, sektorearen araberakoa da. Urretxuko Buen Bokado dendan prestatutako etxeko janaria saltzen dute eta, beste askok bezala, haien jarduerak ere murrizketak izan ditu: «Katerinak orain oso gutxi egiten ditugu, eta alde horretatik mugimendua antzerakoa izan da», azaldu du Josu Zipitria arduradunak. Ezkontzetarako, urtebetzeetarako edo bestelako ospakizunetarako egiten dute lan katerin zerbitzuan, baina egoera honetan eskaera gutxi dituzte: «09:00ak arte irekita eta banaketa 10:00ak arte egin dezakegu, baina horrekin ere orduari erreparatuta iristen garenera arte egin dezakegu».
Eskualdeko erosleak
Ordizian ere antzerako sentipena dute dendariek. Oihane Juarez Vicuña Sport-eko langileak modu positiboan baloratu du azken hilabeteko jarduera eta «onuragarritzat» jo du herriko kontsumoak izandako bultzada. Ordizian Merkatari Elkarteko teknikaria den Aitor Velazquez-ek lehen mailako elikagaiak aipatu ditu: «Azkenean dena dago Ordizian, Eroski ere badago,eta hala ere nabaritu da lan asko ari direla egiten».
Dena den, eskualdeko herriekin dagoen harremana ere kontuan hartu beharrekoa dela adierazi du teknikariak: «Azken finean merkatariek eta dendariek eskualderako egiten dute lan, eta herrikoez gain eskualdeko jendea ere behar dute». Ordiziako Azoka, adibidez, goierritar askoren topagunea izan ohi da: «Herri mailakoa eskertzen da, baina beste herrietatik ere gerturatzea beharrezkoa da».
Bonuak, hil amaiera arte
Merkataritzari eta dendariei laguntzeko Eusko Jaurlaritzak zein udalerriek bonuak atera zituzten. Eusko Jaurlaritzarenak abenduaren 31ra bitartean erabili daitezke, baina horiek lortzeko epea amaitu da dagoeneko. Udalerriek ateratako bonoei dagokienez, Ordiziako Udalarenak eta Beasaingo Udalarenak ere abenduaren 31ra arte izango dira. Bitartean Zumarraga eta Urretxuko elkarteak ateratakoak, aldiz, urtarrilaren 5era arte egongo dira erabilgarri.