Kultur emanaldiak eta umeentzat jolasak 'Negu bizia' egitarauan
Bertsoak, antzerkia, musika eta umeentzako jolas eta tailerrak antolatu dituzte. Sarrerak hilaren 23a baino lehen hartu behar dira, Karreanen.
Udazkenean egin zuten bezala, neguko solstizioari begira ere kultur egitarau zabala antolatu dute Zaldibian. Aste honetan hasi eta urtarrilaren 9ra artean, hainbat kultur ikuskizun, hitzaldi eta umeentzako jolas eta tailerrak prestatu ditu udalak, Negu Bizia egitarauaren barruan.
Parekidetasunaren inguruko tailerrarekin eta udal irudia aukeratzeko prozesuarekin hasi dituzte aurreneko ekintzak. Igandean, berriz, Zaldibiara etorritakoen testigantzak jasoko dituzte, 18:00etan, antzokian.
Kultur ekitaldi eta ikuskizun ugari ere antolatu dituzte. Hilaren 23an, esaterako, Auskalo zeinek jarriak, bertso zahar eta berriak saioa egingo dute Unai eta Eñaut Agirre bertsolariek, Imanol Kamio musikariak lagunduta. Bi saio egingo dituzte (17:30 eta 19:00), antzokian. Hilaren 27an, Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez musikarien txanda izango da; eta 29an, Xake konpainiak Lur antzezlana eskainiko du, beste bi saiotan. Urtea bukatzeko, 30ean, 2 urte, 4 hilabete eta egun 1 intsumisioari buruzko dokumentala emango dute, Lander Garro egilea bertan dela. Eta urte berriarekin, urtarrilaren 2an, Erlauntza filma emango dute antzokian.
Saio guztietarako, doakoak izan edo ez, sarrera hartu beharko da aurrez. Hilaren 23ra bitartean eska daitezke, Karreanen.
Umeentzako ekitaldiak
Herriko haur eta gaztetxoei begira ere hainbat jolas eta tailer prestatu dituzte. Hilaren 22an Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita izango dute Lardizabal Herri Eskolan. 30ean, berriz, ludoteka zerbitzua izango da LHko 3, 4 eta 5. mailakoentzat, eta Probatu eta gozatu jolas tailerra LHko 1, 2 eta 3. mailakoentzat.
Urtarrilean, Artzainen herri kirolak, Jolas erraldoiak eta ginkana ere egingo dituzte. Saio horietarako izena, Karreane kultur etxean eman behar da.