Pirritx, Porrotx eta Marimotos hutsik egin gabe Ordizian izango dira
'Amaren intxaurrak' ikuskizuna dakarte, heriotzaren gaia jorratzen duena. Majori kiroldegian bi emanaldi egingo dituzte eta sarrerak salgai egongo dira gaur eta bihar
Pirritx, porrotx eta Marimotots Ordizian izango dira aurten ere, haur, gazte eta helduekin irri, dantza eta kantuan egiteko, baina baita ikasteko ere. Izan ere, Euskal Herriko pailazo ezagunenak heriotzaren gaia lantzen duten ikuskizun batekin datoz, Amaren intxaurrak izenburupean. Bi emanaldi egingo dituzte datorren abenduaren 20an, igandea, 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak, 9 euroan salgai jarriko dituzte gaur eta bihar, Beti Alai pilotalekuko leihatilan, 17:00etatik 20:00etara.
Familia eredu anitzez, kultura aniztasunaz, hezkidetzaz, bizikidetzaz, inklusioaz, naturaz, gaixotasunaz… irri, kantu, dantza eta jolas, egin dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Ikuskizun bakoitza beraz, irakaspen bat izan da, bizitzako gai desberdinak jorratu baitituzte. Amaren intxaurrak azken honetan ere, irakaspen berri batekin datoz, bizitzaren parte den heriotzaz jardun asmo dute. Arrazoia argia da, heriotza ere presente dago gure egunerokotasunean. «Haurren aiton-amonak hiltzen dira, baita gurasoak ere. Senideak, lagunak, herriko ezagunak, traturik izan gabe gure paisaia emozionalaren parte sentitzen ditugunak… Haurrak ere hiltzen dira tarteka, eta pailazoek ere negar egin» dute.
«Gure gizartean, ohikoak izan dira zuri-beltzezko agurrak». Aitzitik, «beste era batekoak, bizi izan garen modukoak» ere izan daitezkeela sinesten dute. Pailazoek agur ezberdinetan parte hartu dute senide eta lagunekin batera: batzuetan globoak askatu dituzte airera, etxe luzez inguratutako porlanezko plazatxo batetan, haurraren arratsalderoko jolaslekua izandakoan. Eskolatan ere izan dira, hezkuntza komunitatea osatzen duten partaideekin marrazkiak, bizipenak eta sentimenduak partekatuz. Herriko parke kuttunetan arbola landatu izan dute bizilagunekin batera. Itsasertzeko txoko kuttunean esan diote agur lagunari, baita mendi puntan ere… Azken finean, norberaren izaerak, zaletasunak eta gogoak kontuan hartuz ospatu dituzte agurrak.
COVID-19arekin askok bakardadean bizi izan dute familia arteko edo lagun baten heriotza. Inoiz baino gehiago agerian geratu delarik heriotzaren aurreko eta ondorengo momentuetan duintasunez laguntzeak eta agurtzeak berebiziko garrantzia dutela. «Hutsunea sentitu dugu herri bezala, eta hutsune hau nabarmena da egunerokotasunean ere, askotan ez baitakigu heriotzaren errealitatea nola ulertu, onartu, partekatu…».
Elkarlana
Gauzak horrela, sekula baino gehiago, agurraren gai horri tokia eman diote Katxiporretakoek, eta bide horretan, Hil Argi Elkartearekin eta Hik Hasi pedagogia taldeko lagunekin elkarlanean egingo dute. Horrela, Amaren intxaurrak izenburu duen ipuina eta diskoa gauzatu ditu pailazo taldeak. Ipuina Julio Soto bertsolariarekin eta Maite Mutuberria ilustratzailearekin batera landu dute. Diskoak berriz, aurrez argitaratuak dauden 15 abesti jasotzen ditu. Xabier Zabalak sortutako musikarekin eta hainbat sortzailek egindako hitzekin dago osatuta. Eta herriz herri ikusi ahalko den ikuskizuna, bi euskarri hauetan dago oinarrituta.
Sarrerak
Ordiziako Udalak internet bidezko sarreren salmentarekin arazo bat izan dela jakinarazi du. Antza denez, webgunea kolapsatu egin zen. Gauzak horrela, sarrerak itzuli beharko dira eta dirua itzuliko zaie erosi zituztenei. Beraz, sarrerak eskuratzeko, gaur eta bihar Beti Alai pilotalekuan.