Udalak Sarralde enpresa zena Sprilurri saldu dio, 1,7 milioi euroan
Urretxuko Udalak beste bizpahiru urte beharko ditu garbiketa lanak amaitzeko. Lursailean pabiloi bakarra egingo da eta 50-60 langileko enpresa bat erakarri nahi da
Urretxuko Udalak Sarralde enpresa zena (10.000 metro koadro) Sprilur sozietate publikoari saldu dio, 1,7 milioi euroren truke. Udalak lursaila garbitzen jarraituko du. Lan horiek hiru bat urte iraungo dute. Bitartean, musika taldeek bertan entseatzen jarraituko dute eta Sprilurrek lursail hori eskainiko die lursailak behar dituzten enpresei. Udalaren eta Sprilurren asmoa enpresa bakar bat hartzea da, 50-60 pertsonei lana emango diena.
Gobernu taldeak prentsaurrekoa eman zuen ostiralean albistearen berri emateko. Udalak 2007-2011 agintaldian erosi zuen Sarralde. «Bost urte eta erdi daramatzagu udaletxean eta ez genuen espero eremu hura egun ikusten dugun moduan ikusiko genuenik», esan zuen Jon Luqui alkateak.
Izan ere, Sarralde eta Irimo saltzea lortu da. Gainera, Irimo Telleria enpresak erosi du eta datorren urtean bertan hasiko da pabiloi berriak eraikitzen. Bestalde, Sprilurrek Irimo eta Sarralderen artean dagoen 1.200 metro koadroko lursaila ere erosi behar du. Urretxuko Udalak Kaminpen eman nahi du hurrengo pausoa.
Luqui pozik agertu zen. «Sprilurrek balioan jarriko ditu erosi dituen metro koadroak eta enpresak erakartzen saiatuko da. 7.000-8.000 metro koadroko pabiloia behar duen enpresa bat erakartzen saiatuko da».
EAJk oso argi izan du beti Irimon eta Sarralden jarduera ekonomikoa bultzatu behar dela. «Horretarako eremu egokia da. Izan ere, Urretxuk ez du jarduera ekonomikoetarako lursailik libre, baina ez dugu gehiago urbanizatu nahi».
Gainera, Irimoren eta Sarralderen salmentak herriko sarrera txukuntzeko balioko du. «Sarralde 1929an sortu zen, baina urtetan abandonatuta egon zen eta arazoak sortu ditu. Hala, hegoaldeko sarrera ez dator bat herriguneak duen itxurarekin».
Irimoren eta Sarralderen salmenten atzean lan asko dagoela aipatu zuen. «Batzuk zorte handia izan dugula esan digute. Ez da hala. Hau guztia lanaren fruitua da. Operazio hauetan instituzioak eta enpresa batek parte hartu dute».
Diruaren erabilpena
Urretxuko alkateak jasotako dirua «zentzuz» erabiliko dutela aurreratu zuen. «Udalak 2,5 milioiko soberakina du, Sarralderen salmentagatik 1,7 milioi euro kobratuko dugu eta Telleriak eta Sarraldera etorriko den enpresak jarduera ekonomikoen gaineko zerga Urretxun ordainduko dute. Ez dugu burua galduko. Egingarriak diren gauzak egingo ditugu». Dirua pasiotarren komentuan adinekoentzako apartamentuak egiteko, eguneko zentroa eta jubilatuen egoitza hobetzeko eta herriko sarrera (Azkoititik) txukuntzeko erabiliko dutela aurreratu zuen alkateak. 200.000 euro garbitze lanak amaitzeko erabiliko dira.
Gainera, Euskal Herria erronka handi baten aurrean dagoela gogoratu zuen. «Biztanleria zahartzen ari da eta etorkizunean behar asko izango dituen adineko jende asko egongo da. Horiei guztiei baliabideak eskaini beharko zaizkie».