Emakumeak helburu sexualekin esplotatzen zituen erakunde kriminala desegin du poliziak
Poliziak gizaki-salerosketa, proxenetismoa, substantzia estupefazienteen trafikoa eta kapitalaren zuriketa leporatzen diete zortzi atxilotuei. Beasainen, Tolosan eta Bergaran egin zituzten atxiloketak pasa den astean
Beasainen, Tolosan eta Bergaran zortzi lagun atxilotu zituen Polizia Nazionalak pasa den astean sexu ustiapenerako gizaki-salerosketa, proxenetismoa, substantzia estupefazienteen trafikoa eta kapital zuriketa leporatuta. 2017an ere giltzaperatu zituzten antzeko arrazoiengatik.
Biktimak 17 direla ezagutarazi du Espainiako Gobernuaren Euskal Autonimoa Erkidegoko ordezkaritzak, ia denak Hego Ameriketako emakumeak eta behartsuak. Kontrol zorrotzaren pean bizi ziren: atxikita zeuden etxibizitzak bideokamerez hornituta zeuden eta zaindari bana zuten ihes egin ez zezaten edo poliziari abisurik eman ez ziezaioten. Orain Poliziaren Gizaki-Salerosketaren biktimaren planaren babespean daude.
Ikerketa otsailean jarri zen martxan, Tolosan sexu harremanak izatera behartzen zuten emakume batek posta elektroniko bidez Polizia Nazionalari euren egoeraren berri eman zionean. Hariari tiraka ikusi zuten bost etxetan banatuta zituztela emakumeak, tartean, Beasainen. Gainera, atxilotuek drogak eskaintzen zizkieten bezeroei etxebizitza hauetan: hamar kokaina gramo eta beste horrenbeste haxix eta marihuana konfiskatu dituzte. Baita ere esku-dirua eta droga pisatzeko eta dosifikatzeko materiala.
Irabaziak fikziozko enpresen bidez zuritzen zituzten. Barne Ministerioaren arabera, fikziozko enpresa hauetako bakarrak ia 200.000 euro fakturatu zituen bi urte baino gutxiagoan. Zuriketaren inguruko ikerketak zabalik jarraitzen du.