Giza eskubideak lantzen dituzten film labur onenak sarituko dituzte Ordizian
Bosgarren urtez jarraian antolatu dute lehiaketa Dar-dar produkzioak ekimenezko kooperatibak eta udalak. Atal nagusian, nazioarteko atala, mundu osoko 179 izan dira lehian
Gaur arratsaldean banatuko dituzte Giza eskubideak herrira Nazioarteko film laburren lehiaketaren bosgarren ekitaldiaren sariak, Ordiziako Herri Antzokian, 19:00etan hasita. Lehiaketa hau, Goierriko Dar-dar produkzioak gizarte ekimenezko kooperatibak antolatu du beste behin ere, Ordiziako Udalaren laguntzarekin.
Giza eskubideak ardatz dituen lehiaketa hau iritsi da azkenera, eta gaurko galan jakinaraziko dituzte aurtengo irabazleak. Urte hauetan guztietan bezala, parte hartzea itzela izan da antolatzaileen esanetan. Nazioarteko atalean 179 film labur jaso dituzte munduko 26 herrialdeetatik. Euskal Herrian sortutako lanak bakarrik ez, Mexiko, AEB, Brasil, Taiwan, Alemania, Txile, Peru, Libano, Kroazia,…munduko beste puntatik ere iritsi dira lanak Ordiziara. Lehiaketaren atal honetako irabazlea, ikusleek erabakiko dute eta 1.000 euroko diru-saria jasoko du.
Bigarren atalean, Sari gaztean, Ordiziako ikastetxeetako DBHko ikasleekin parte hartze prozesu bat eraman da aurrera. 273 ikaslek parte hartu dute eta haien esku geratu da irabazlearen aukeraketa. Irabazleak, 300 euro jasoko ditu.
Hirugarren atal bat ere badu sariketak; Goierriko egilea. Atal honetako irabazleak ere, 300 euroko saria eramango du.
Bosgarren urtez, lehiaketaren sorrerako helburuak berretsi dituzte: herrialde desberdinetan, giza eskubideen inguruan, sortzaile desberdinek egindako lanak Ordiziara hurbiltzea; giza eskubideen eta artearen inguruan sentsibilizazioa eta gogoeta bultzatzea; eta egileei lan berriak sortzen laguntzea.
Gonbidapenak eskuratu
Ordiziako Herri Antzokian gaur egingo den ekitaldira joan nahi dutenek, gonbidapenak eskuratu beharko dituzte. Horretarako Barrena kultur etxera telefonoz deitu behar da (943 80 56 30).