Kezka eta arriskua eragin ditu San Gregorioko lur mugimenduak
Azaro euritsuak eta azken boladako euriteek, lur mugimendua eragin dute Ataungo San Gregorio auzoko ur deposituaren azpiko magalean. Bat-batean eta zarata handia eginez, metro bete inguru beheratu zen mendi-mazela abenduaren 10ean, goizeko zazpiak aldera. Lurra ezegonkor geratu denez, luizia handiagoa sortzeko arriskuak kezka piztu du auzotarrengan eta udalean.
«Dena goitik behera etortzeko arrisku handia dago», azaldu du udalak. Biharamunean, abenduaren 11n izan ziren lur mugimendua ikusten, Kiñu bidearen azpian. Lau-bat etxe eta errepidea daude magal barrenean. Etxe baten terrazara harriak eta horma puskak erori ziren.
Ataungo Udalak geologo batekin ikuskatuko du eremua, aste honetan ez bada hurrengoan. Azterketa geologikoak esango du, ondoren, zer neurri hartu behar diren, lur mugimendua konpondu eta egonkortzeko.
Beamako bidea berrituta
Herri-bideen konponketarekin jarraiu du, bestetik, udalak. Abendu hasieran berritu zuten Beamako zelaitik Ertzillegirako bidea. Luizi lekuetan harri-lubetak eginda eutsi diote kamioari.