Koke Lasak Nepalen egindako azken bidaia kontatuko du
XVIII. mendi eta abentura asteko azken saioa izango da: 'Om mani padme hum' izenekoa, bihar, 18:30ean, elizan. Hiru hileko bidaia egitea aurreikusi zuen arren, bakarra egin ahal izan du
Koke Lasa ormaiztegiarrak Om mani padme hum saioa eskainiko du bihar 18:30ean, XVIII. mendi eta abentura astearen barruan, Ormaiztegiko elizan. Nepalen egindako bidaiaren inguruko ikus-entzunezkoa aurkeztuko du eta hitzaldia ere egongo da. Hiru hilabeteko ibilaldia egitea aurreikusi zuen Lasak, baina osasun egoeragatik hilabeteren ostean bueltatzera behartu zuten bertako agintariek.
Udaberrian joan zen Nepalera, martxotik apirilera, Great Himalaya Trail izeneko ibilbidea egiteko asmoz: «Holandar talde batek sortutakoa da, dirurik irabazteko asmorik gabeko talde bat, nolabait turistiko ez diren Nepalgo zenbait bailaratara diru iturriak iristarazteko helburua duena», azaldu du Lasak.
Hirutik bat
«Zalantza askorekin» ekin zion bidaiari pandemia dela eta, baina argitu du kasu bakarra zegoela Nepalen martxoan: «Hilabete eta gero behartuta bueltatu nintzenen bost kasu zeuden». Hiru hilabetetan Nepal osoa alderik alde zeharkatzea zuen helburu, 1.700 kilometro inguru eginez, baina hilabete bakarrik izan duenez ezin izan du ibilbide osoa burutu.
Maparen gainean ibilbidea osatu eta nepaldar batekin egin zuen zati hori: «Ez dago bide markatu bat, ez da GR bat bezala; bidexkaz osatuta dago handik eta hemendik, eta bide bat eta beste lotu behar dituzu zeharkaldi horiek egiteko». Hasieran ibilbidea mendi garaietatik egin behar zuten, baina azkenean herrixka gehiagotatik igarotzen egin zuten: «Humanizatugo, aukera gehiago lo egiteko bertakoen etxeetan edo galderak egin ahal izateko».
Biharko saioan bidaiaren berri emango du eta ikus-entzunezkoa ere proiektatuko dute: «Hiru hilabeteko bidaiarekin muntatu nahi nuen, baina azkenean dagoen materialarekin egitea erabaki dut». Saioaren izenburuak mantra budista bati egiten dio erreferentzia, Nepalen oso zabalduta dagoena eta hainbat lekutan ikus daitekeena: Om mani padme hum.