Olentzerok, Mari domingik eta Hiru Errege Magoek Beasain bisitatuko dute
Igartzako burdinolan eta jauregian elkartuko dira haurrekin, segurtasun neurriak errazago betzetzeko
Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita izango dute Beasaingo haurrek abenduaren 24an. “Zer uste zenuten, ez ginela aurten zuengana etorriko koronabirus zahar horrek harrapatu gaituelako? Ba ez da horrela. 24an, urtero bezala, Beasainera etorriko gara zuei kasu egitera”, esan die Mari Domingik beasaindarrei. Aldaketa txiki bat, halere, izango da: “Igartzako Burdinolan izango gara, plazan beharrean. Han egongo gara, maskararekin eta eskuak ondo garbituta”.
Burdinolaren inguruan zirkuitu bat antolatuko dute jendea nahastu ez dadin. Burdinolaren albo batetik sartu beharko da eta beste aldetik irten. Barrukoak irten arte ezingo da beste inor sartu, edukiera ez dadin gainditu. Era berean, Olentzero eta Mari Domingirena ezingo da hurbildu eta eskutitzak ezingo zaizkie eskura eraman. Karta edo txupetea eman nahi dietenek otarra batean utzi beharko dizkiete. “Urrutitik, behintzat, kasu egingo dizuegu eta maitasun guztia bidali”, zehaztu du Mari Domingik. Argazkiak ateratzeko aukera egongo da. 11:30etatik 13:30etara eta 15:30etatik 17:30era izango dira ateak irekita.
Errege magoak bisitatzeko hitzordua eskatu behar da. Pajeak abenduaren 27an eta 28an plaza azpian arituko dira txandak banatzen, 17:00etatik 20:00etara. Erregeak urtarrilaren 5ean iritsiko dira Beasainera, Igartza jauregira zehazki. Hemen ere sarrera eta irteera zehaztuko dute bisitariak norabide berean joan daitezen segurtasun distantziak mantenduta. 16:00etan helduko dira eta 19:30ak arte izango dira haurrekin, gero opariak banatzen hasi behar dira-eta.