«Orain lehen lerroan dagoena ni naiz, protagonistagoa naiz»
Bujandak 'Ametsak' diskoa atera du bakarlari gisa, senarraren, koinataren eta ahizparen laguntzarekin. Emaitzarekin gustura dago: «Azkenean uste baino gehiago handitu da».

Eli Bujanda Urbizu (Zegama, 1987) Ametsak lanarekin musika mundura itzuli da hamabi urteren ondoren. Familia giroan ondutako diskoa da: Anton mutilarekin eta Esteban koinatuarekin batera grabatu du eta Leire ahizpak lagundu dio diskoaren diseinuarekin.
‘Ametsak’ diskoa kalean da jada. Nolako lana da?
Nahiko gai orokorrei kantatzen diet: maitasuna, desamodioak, tratu txarrak pixka bat ukitzen ditut, heriotza… eta ametsak. Gure singela bihurtu dugu hasierako abestietako bat delako eta denok bezala guk ere baditugulako ametsak. Lo egiten dugunean amets egiten dugu baina esnatzerakoan errealitatea beste bat da.
Zenbat abesti dira?
Hamar: zortzi euskaraz, bat gaztelaniaz eta beste bat bi hizkuntzetan; letra euskaraz da eta leloa, gaztelaniaz.
Emaitzarekin gustura?
Bai, egia esan bai. Entzuleen erantzuna ere aparta izan da: lehen sortako disko danak saldu ditugu jada eta bigarren bat aterako dugu urte hasieran. Plataforma digital nagusienetan ere bagaude eta emaitza oso onak izaten ari gara.
Eskuratu nahi duenak zer egin behar du?
Orain arteko diskoak sare sozialen bidez saldu ditugu. Inguruko denda eta taberna batzuetan ere salgai jartzea da asmoa, erosoagoa izan dadin. Hiru bat aste beharko ditugu bigarren sorta salgai jartzeko, gure lehendabiziko asmoa baitzen abesti propio batzuk grabatzea ingurukoei eta lagunei erakusketako baino azkenean erantzuna uste baino gehiago handitu da.
2008an amaitu zen Sugan taldearen ibilbidea. Hamabi urte eta gero musika mundura itzuli zara. Zergatik?
2008an bukatu zen Sugan eta urteetan ez diot garrantzia askorik eman, baina batzuetan bai pentsatzen nuela «segituko bagenu…». Beti izan dut nostalgia puntu bat, zerbait egiteko gogoa. Baina ez nekien zer: beste talderen batera joan, nik sortutako abestiak abestu… Nire mutilak asko animatu ninduen eta horrela hasi ginen.
Diskoa grabatzea pentsatu genuenean Eñaut Gaztañagaren estudiora joan ginen, Zestoara. Sorkuntza propioko hamar abesti hautatu genituen. Gehiago edo gutxiago, hirurok ibiliak gara musika munduan eta denon artean moldatu ditugu abestiak.
Hasierako Eliren eta oraingoaren artean alderik badago?
Suganen hasi ginean hamazazpi urte genituen, adin txikikoak ginen. Orain beste heldutasun bat dut. Gainera, lehen beste neska batekin abesten nuen, Mariarekin [Amolategi]. Koruak egiten nizkion. Orain lehen lerroan dagoena ni naiz, protagonistagoa naiz.
Gerora ere ez dakit zer etorriko den. Suganena ikaragarria izan zen, sekulako arrakasta izan genuen: bi disko atera genituen, kontzertu pilo bat eman genituen…
Gustatuko litzaizuke proiektu honek aurrera egitea?
Bakarlari bezala atera naiz, hurbileko senitartekoen babesarekin. Baina banda bat sortzeko beste musikari batzuen laguntza izatea gustatuko litzaidake: bateria bat, pianista bat… Hurrengo urteari begira, udararako edo, kontzertu bat emateko ea aukerarik dugun, akustikoan. Baina oraindik ez gara ezer askotan hasi, egoera ere ez delako aproposena.
Gustura musika munduan egindako bidearekin? Ametsak bete dituzu ala nostalgia puntu hori baduzu oraindik?
Nostalgiarik ez dut, espero nuena baino gehiago egin dudalako. Orain dela sei edo zazpi urte esango bazidaten gaur egungo bizitza izango nuela «bai zera!»erantzungo nuke. Pertsonalki oso ongi nago, oso gustura, eta diskoan poztasun hori nabaritzen da.