Puri Alonso, emakume gidariei bidea ireki ziena
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Guztiok Mugituz saria jaso du, "emakume gidari guztien ordezkari gisa"
Purificacion Alonsok jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren Guztiok Mugituz saria. Lurraldebuseko emakume gidariak saritu dira laugarren edizioan, eta Alonso Lurraldebusen lan egin zuen lehen emakumea izan zenez, berak gorpuztu ditu aitortutako emakume guztiak.
Alonso 1981ean hasi zen autobusak gidatzen, familiako enpresan. Gerora, Pesan ibili zen lanean, Goierriko linean. 1995. urtean Lurraldebusen hasi zen lanean, konpainia publikoan. Aitzindaria izan zen. “Orduan oso zaila zen sartzea, gizonen mundua zelako erabat. Gaur oso harro nago bidea urratu izanaz”. 105 emakume dira Lurraldebuseko gidariak egun.
Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eman dio saria, eta Alonsoren jarduna eskertu du: “herritarren eguneroko bizitzatik hurbilen daudenetan, estereotipoak gainditzeko erreferentziak behar baititugu. Emakume horiek egin dituzten aurrerapenek guztioi egiten digute mesede”.