Udalak bi lokal utzi dizkie Goierriren saskibaloi taldeari eta txirrindulariei
Goierri kirol elkartearen txirrindularitza sailari Gurutze Gorriak Aparizio auzoan zuen eraikina utzi dio. Saskibaloi taldearen lokala alde zaharrean dago, Iparragirre kaleko 26. zenbakian
Urretxuko Udalak bi lokal utzi dizkio Goierri kirol elkarteari, herriko hainbat gune biziberritzeko egitasmoaren barne. Lokal horietako bat saskibaloi sailak erabiliko du eta bestea txirrindularitza sailak. Saskibaloi sailaren lokala alde zaharrean dago: Iparragirre kaleko 26an. Txirrindularien lokala, berriz, Aparizio auzoan dago: udalak Gurutze Gorriak erabiltzen zuen eraikina utzi die.
Txirrindularien egoitza berria 1978an eraiki zen eta azken urte hauetan ez da erabili. Goierriren txirrindularitza sailak autoak eta materiala gordetzeko eta bilerak egiteko erabiliko du.
Aparizio
Urretxuko Udala Aparizio auzoa biziberritzen ari da. Horretarako, Gurutze Gorriaren lokalari erabilpen berri bat emateaz gain, bizilagunei etxebizitzetako fatxadak margotzeko laguntzak eman dizkie eta argiteria berritu du. Gainera, parkea eta espaloiak berrituko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak errotonda bat egingo du eta Telleria enpresak Irimo bota du eta pabiloi berriak egingo ditu.
Saskibaloi sailaren lokalari dagokionez, arropa gordetzeko eta bilerak egiteko erabiliko dute. Sail honetako arduradunek lokal baten premia handia zuten, guztira 260 jokalari inguru baitituzte.
Urretxuko Udala alde zaharra biziberritzeko ahalegina ere egiten ari da eta hutsik zeuden hainbat lokal utzi dizkie herriko elkarte ezberdinei. Horien artean artisauak eta merkatariak daude. Horretaz gain, Iparragirre kaleko arkupea apaindu du, orma batean Iparragirrerekin lotutako irudiak jarri ditu eta plazan zaharberritze lanak egin ditu.
Udalak beste elkarte batzuei ere lokalak utziko dizkie, beti ere toki estrategikoetan badaude eta herriko gune zehatz batzuk biziberritzeko balio badu. Udalaren ustez, oso formula egokia da lokal huts asko dauden tokietara jarduera erakartzeko eta gainera egin beharreko inbertsioa oso txikia da.