Elkartasunaren jaia ez, baina gaia bai
Ruandako Giharako haurren eskolari laguntzeko aurten ezin izan da Elkartasun Asterik antolatu Lazkaon. Baina beste modu batera bideratuko dute elkartasuna, bideoz eta bilketaz.
Ez daukanak ongi ohi daki, edukitzea zein den ona, dio esaera zaharrak. Eta daukanari ere komeni zaio ez daukatenen trantzea oroitzea. Jasotzeko garairik onenak ez diren arren, ez emateko aitzakiarik sekula ez dago, gutxi bada ere. Kontzeptu horri tiraka, eta Lazkaon Elkartasun Asterik aurten ospatu ez den arren, elkartasunaren espiritua mantendu dute.
Ruandako Gihara herrian kaleko haurrentzat eta behar gorrian bizi direnentzat eskolarenproiektua zutik da. Beti bezala eta bezainbeste laguntzerik izango ez den arren, saiatuko dira aurten ere Ruanda Taldekoak eta San Benito Ikastolakoak.
Elkartasuna «inoiz baino beharrezkoagoa» dela ohartarazi du Lazkaoko Ruanda Taldeak. «2020a guziontzat gogorra doan honetan, Ruandako egoera ere ez da samurragoa. Afrikako herrialdeetan ere COVID-19ak eragin larria izan du», azaldu du Jokin Izagirrek.
Ruanda guztian bezala, Giharan ere etxeratze agindua eman zieten herritarrei, martxoan. «Egunean egunekoarekin bizi diren herritar gehiengoarentzat etxean gelditu beharra ekarri zuen horrek, etxean zer janik gabe, eta janaria nahiz lana lortzeko aukerarik gabe geratu ziren. Une gogorra izan zen egoera pobreenean bizi direnentzat».
Lehen laguntza, janetarako
Halako egoera ikusita, elkartasun makinaria martxan jarri zuten elkarteek. Behar larrienaren aurrean, deialdi bat egin eta apirilean bidali ziren 6.000 euro jana banatzeko erabili zituzten.
2020an beste bi egitasmo ere lagundu dituzte: kaleko umeen ikastxokoaren eguneroko funtzionamendurako 6.000 euro bidali dute, tartean Olaberriko Udalaren laguntza (4.155 euro); eta kaleko umeen ikastxokoan sukaldea eraikitzea, Lazkaoko Udalaren laguntzaz (16.000).
Baina 2021a ere gainean da, eta behar gorriak segituko du. Aurtengo Elkartasun Astea, merkatu txikia eta jaialdia egin ez diren arren, San Benito Ikastolak abian du ekimena. Haur bat, euro bat kanpainarekin, ikasle bakoitzari euro bana emateko eskatu zaio. Herritar guztiei eskatu diete laguntzeko.
Jaialdia aurrez aurre ezin denez, ikasleen ikuskizunak bideoz grabatu eta emango dituzte.