Eukalipto landaketei ezetz esan diote Itsasondoko udal ordezkari guztiek
Itsasondoko zazpi zinegotziek eman zioten babesa eukaliptoen aurka EH Bilduren udal-taldeak aurkeztu zuen mozioari. Eskatu dute, espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan sartzea eukaliptoa
Itsasondoko udal ordezkariek eukalipto landaketei ezetz esan diete. Hala erabaki zuten osoko bilkuran. EH Bilduren udal taldeak aurkeztu zuen eukaliptoen inguruko mozioa, udalerriko esparruan landaketak debekatzea eskatzen zuena. Udal ordezkariek aho batez onartu zuten (EH Bildu 5, EAJ 2).
Munibe aldizkari zientifikoan argitaratu berri da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak hala aginduta, EHUk eta Aranzadik elkarlanean eukaliptoaren inguruan egindako azterketaren emaitza. Arbola mota horrek Euskadin eta Iberiar Penintsulan eragiten ari den ingurumen kalteei» buruzko txostena osatu dute, ondorioztatu dute, eukaliptoen eragina ingurumenerako «kaltegarria» dela, eukalipto landaketen hedatzea «kaltegarria» litzatekeela «lurzoruarentzat, hidrologiarentzat eta biodibertsitatearentzat».
Eukaliptoen hedapenak arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan dauden espezieentzat «mehatxua» izan daitekeela ere esan dute EHUk eta Aranzadik.
Era berean, 630/2013 Errege Dekretuak espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa antolatzen du, eta gainera, katalogoaren Batzorde Zientifikoa arautzen du. Batzorde horrek 2017an esan zuen, Eukaliptoa espezie exotiko inbaditzaileen zerrendan sartzeko haina informazio zegoela. Baita gomendatzen du, espezie horren landaketa berriekin kontu handiz ibiltzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan eukaliptoz estalitako azalera lau aldiz biderkatu da azken hiru hamarkadetan, %2,6 estaltzen duelarik.
Bestetik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak zehazten du, mendietan egiten diren jarduerak eta erabilerak antolatzea, kudeatzea eta zaintzea Udalerriko eskumen propioak direla.
Informazio guztia mahai gainean, Itsasondoko udal ordezkariek erabaki dute, Plan Orokorra berritu arte eta lurzoruaren erabilerak zehaztu arte, debekatzea udalerri guztian eukalipto-landaketak egitea.
Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatzea, ahalik eta lasterren, eratu dezala Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa eta berehala ireki dezala Eucalyptus espezie desberdinak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoan sartzeko administrazio-prozedura.
Azkenik, foru aldundiei baso-politikak alda ditzatela eskatzea, beren lurraldeetan eukalipto gehiago landatu ez daitezen, eta titulartasun publikoko zein pribatuetako mendietan egun dauden eukalipto-sailen ordezkapen ordenatua planifika dezaten.