Idiazabalgo Udalak 3.743.470 euroko aurrekontua izango du
Kontratuak errebisatuko dituzte eta gastuak %10 jaistea jarri dute helburutzat. Musika eta kirol zerbitzuak bere horretan utziko dituzte, eta festetako partida erdira jaitsiko dute
Idiazabalgo Udalak 2021erako aurrekontua onartu du. 3.743.470,69 eurokoa izango da. Iaz egin ezin zituzten hainbat inbertsio egingo dituzte aurten. Festetako partida erdira jaitsi dute osasun egoeragatik jairik ez dutelako ospatuko.
Foru funtseko diru laguntzak iazko aurrekontuekin alderatuta baxuagoak dira. 1.666.000 eurokoa izan zen iaz, eta aurten 1.544.000 jaso dituzte. Sarrerak iazkoren antzerakoak izango direla azaldu du alkateak, «nahiz eta industriatik ekarpen gutxiago izatea aurreikusi dugun». Zabor tasak aldatu dituzte, «Sasietako kuota ere asko igo delako». %14a igo da zaborrengatik ordaindu beharreko kuota: «20.000 euro inguru defizitario izaten da, eta aurten tasa igo ez bagenu 50.000 eurokoa izango genuke». Industriako zabor tasa, berriz, %15 igo da.
Gastuei dagokienez, pertsona gastuetan %7ko igoera izango dute. Kontratazioak egiteko asmoa agertu du Alberdik: «Azpikontratatutako zerbitzu batzuk lanpostu publikoen bidez ordezkatu nahi ditugu». Alkatearen beraren lanaldia ere zabaldu dute. Irailera arte lanaldi erdia izan du eta orain lanaldi osoan ariko da. Kontratuak errebisatuko dituzte eta gastuak %10 jaistea jarri dute helburu bezala.
Ohiko festarik ez
COVID-19a dela eta, otsaileko San Blas jaiak eta maiatzeko Euskal Gaztaren Azoka ez dituzte ohi moduan ospatuko, eta horrek ere aurrekontuetan eragina izango du. Festetako bi partida horiek erdira jaitsiko dituzte: «Gerora zerbait egin ahal bada hor edukitzeko, baina egoera ez da iazkoa izango». Aurtengo festa puntualak ordezkatzeko urtean zeharreko kultur ekitaldi kontrolatuen aldeko apustua egingo dute.
Bestalde, argiteri inbertsiorako ere beste partida bat gordeko dute. Herriko energia kontsumoaren inguruko auditoria egingo dute, beharraren arabera aldaketak egiteko. Musika eta kirol zerbitzuak bere horretan utziko dituzte eta martxan jarritako Berdintasun Plana garatuko dute: «2021eko apirilerako aurkezteko moduan izateko». Kale Nagusiko zuhaitzek kaltetutako espaloi zatietan ere konponketak egitea aurreikusi dute.
Kalea berrantolatzea
Egingo duten inbertsiorik handienetako bat Eduardo Irizar kaleko lanak izango dira. Iazko aurrekontuetan aurreikusi bazuten ere, «gerria estutzea» tokatu zitzaien eta inbertsiorik handienak atzeratzeko erabakia hartu zuten: «Duela gutxi berritu bazen ere Eduardo Irizar kalearen birplanteaketa bat egin beharra daukagu, pasatzeko estua delako eta urekin ere arazoak izan ditugulako». 121.000 euro erabiliko dituzte. Egiterik izan ez zuten beste proieku bat Gurutze Berri auzokoa da: «Proiektua garatzen ari gara eta hurrengo urtea bizilagunei azaltzeko baliatuko dugu». 2022an obrekin hasteko moduan izango dira.