Legazpiko ikasleak kexu
Legazpiko ikasleek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Euskal Herria plazan, Udalari ikasi ahal izateko espazio bat eskatzeko.
Ikasi ahal izateko guneak kendu izanaren kexu dira ikasle legazpiarrak. 2017. urtean Udalak Bikuñako ikasgela zabaldu zuen, gazteen behar akademikoei erantzuteko asmoz. Erantzun oso ona izan zuenez, eta geroz eta jende gehiagok erabiltzen zuenez, Udalak San Saturninoko musika eskola zaharra egokitzea erabaki zuen. Amiantoarekin agertutako arazoak medio, espazio horren irekiera asko atzeratu zen, gaur egun arte: “pandemia egoera ere etorri zen gurera, amiantoaren arazoa konpontzeko tratamendua gehiago atzeratuz. Orain, behin amiantoaren arazoa konponduta dagoela, ez omen da oraindik posible ikasgela hori irekitzea, beraz, zain jarraitzen dugu”.
Herriko bestelako guneak irekita dauden bitartean, ikasteko lekurik ez izatea nabarmendu dute gaur goizeko elkarretaratzean: “beste hainbat sektoretako kontingentzia plan guztiak aldatu dituzte egoerari aurre egiteko, esate baterako, Gazte-Txokoa, gimnasioa, zinea… beraz, zerbitzu horiek irekitzeko esfortzua egin den bezala, zergatik ez da halakorik egin gazteok ikasteko ikasgela bat zabaltzeko? Argi dago, herritarron ongizatea lortzeko nahia eta borondatea behar direla, bi horiek gabe ezinezkoa baita ezer lortzea.”
Ikasleen beharrak eta eskaria bete ahal izateko nahikoa baliabide badaudela esanez amaitu da gaurko kontzentrazioa.