Pirritx, Porrotx eta Marimotots Ordizia alaituz
'Amaren intxaurrak' izeneko emanaldi berria taularatu dute Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Ikusleak familiaka banandurik egon dira, distantzia soziala errespetatuz.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak heriotzaren inguruko ikuskizun berezia prestatu berri du, ‘Amaren intxaurrak’ izenekoa. Gaur egin dituzte lehen bi saioak, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Emanaldiaren berri eman zuten unean, sarrera guztiak agortu ziren. Hori horrela, pilotalekua beteta egon da, baina Ordiziako Udalak kutsatzea ekiditeko neurri guztiak betetzen ari zirela ziurtatu du, hainbat boluntarioen laguntzaz. Sarrera-irteerak mailakatuak izateaz gain, familia unitateak errespetatu dira.
Umeei heriotzaren inguruan hitz egiteko hautua egin dute pailazoek oraingoan. Zendutako amari, kantu eta irri egin diote gaurkoan, etxeko txikinei bestelako gaiak ulertarazteko asmoz. Pailazoen ustez, bizitzen ari garen pandemia dela eta, inoiz baino gehiago agerian geratu da heriotzaren aurreko eta ondorengo momentuetan duintasunez laguntzeak eta agurtzeak berebiziko garrantzia dutela. Eta heriotzaren errealitate gordin hori umeei azaltzeko, Katxiporretak Hil Argi Elkartearen eta Hik Hasi pedagogia taldearen laguntza izan du.