"Erabakiak hartu egin behar dira eta horrela hartu dira"
Aldasorok (Beasain, 1967) alkatetza gaurko osoko bilkuran utziko du. Ia 20 urte egin ditu udaletxean lanean. «Sinisten dudalako sartu nintzen halako saltsetan», dio
Egindako lanarekin aseta?
Bai, emankorra izan da. Baina ibilia luzea da, ez da alkatetza bakarrik: 2002. urtearen amaieran hasi nintzen udaletxean lanean, euskarari lotutako gaien inguruan laguntzen; hurrengo pausoa, hirigintza. Eta, euskara, noski; lehenengo alkateorde ere izan nintzen eta hor hasi nintzen udalean ordu piloa sartzen, buru belarri. Honi erantzuteko beste biderik ez dago; oposizioan ere egon ginen, eta orduan ere asko ikasi genuen. Ezinbestean, pertsona eta egoera guztietatik ikasten duzu. Eta ez da erretorikoa esaten dudana, hala da. Oposizioan egoteak balio izan zigun arnasa hartu eta herriarentzat zer nahi genuen hausnartzeko. Bihar [gaurko plenoan] egongo den talde guztia hausnarketa hartan zegoen. Egia da ni ari naizela tira egiten talde bati, baina talde batek erditu du hemen egin den guztia. Asteburu osoak eman ditugu hau lantzen, baita ere alkatetza hartu genuenetik. Alde horretatik oso oso emankorra izan da. Baita ere emaitzetan. Jendeak ondo hartu du egin duguna eta babesa eman digu. Saiatu gara antolaketa berri bat ezartzen udalean. Batez ere, langileen ongizateari begira. Iruditzen zait orain 40 urteko estrukturek ez dutela balio gaur egunerako, edozein enpresatan eta baita ere administrazioan. Ezinbesteko da helburuka lan egitea. Eta horrek abiadura esan nahi du, zorroztasuna, efizientzia… eta hemen ongarri ona dago, hau da, langile onak daude. Baina tira egitea tokatzen zaizunean guzti hau mugitzea esan nahi du eta horrek denbora behar du. Nik uste dut Beasain hobe bat dagoela baina asko gelditzen da egiteko.
Arantzarik gelditu zaizu?
Hutsunea sentituko dut, esandako guztiagatik. Pentsa, ohiturak hala ikasi genituen: goizeko zazpietan udalera eta askotan etxera, gaueko bederatziak pasata. Dena uzten duzu sinisten duzulako horrela egin behar dela. Talde baten parte ere izan naiz eta hemendik aurrera, egunerokoan behintzat, ez naiz talde horren parte izango. Arantza baino, pertsona bezala gelditzen zaizun hutsunea. Baina penarik ez. Datorrenak ere egingo ditu hamaika gauza eta helburuak garbi ditugu, pertsonen eta herriaren garapen fisikoan. Pausoak emateko daude, noski, baina bide onean goaz eta herri txukun bat dugu.
Alkatetza aldatzeko une egokia orain da?
Zerrenda batzuetan sartzen zaituztenean hamaika aldagai daude eraman zaitzaketena jarraitzera zure postuan edo beste salto bat ematera. Niri saltoa ematea proposatu zidaten, beste ardura batzuk hartzekoa. Baina proposatu zidatenerako gu aurrekontuak lantzen hasita geunden. Guretzako ekainean hasten da aurrekontuak lantzen hasteko unea, baina hori ez da ikusten. Urrian utziko banu ez dakit zer gertatuko zen. Seguru aski, ezer ez, baino iruditzen zitzaidan lan hori bukatu behar zela. Hala planteatu genuen alderdian eta inongo arazorik ez zen jarri, ondo ikusi zen. Azaroan aurkako botorik jaso gabe aurrekontuak ateratzeak ematen dizun pozaren ondoren orain dator naturaltasun osoz uztea. Gainera, Legebiltzarra oraindik eratzen eta hasten ari den bitartean hemengo lanak dedikazio osoz eta taxuz egiteko aukera izan dut. Ez dakit une egokirik inoiz badagoen baina erabakiak hartu egin behar dira eta horrela hartu dira, bere aldeko eta aurkako kontuekin. Aurrekontuez gain bizi dugun egoera berezi eta mingarri hau uste dut arrazoi nahikoa izan daitekeela aurrera pausoa edo atzera pausoa emateko. Koronabirusak herrietan sortu duenak beste arantza bat uzten dizu. Herriok ere ezer askorik ezin dugu egin halako katastrofe bat gertatzen denean baina egoera ez da erreza. Ikusi besterik ez dago langabeziak hartu duen bilakaera, ostalaritza ere sufritzen ari da, beste jende pilo bat ere sufritzen ari da… ez dira momentu gozoak.
Herritarrek aldaketarik nabarituko dute Leire Artolaren eta zure artean?
Hori Leirek erantzun beharko luke. Nik uste dut hemen talde proiektu bat dagoela, ez Aitorren edo Leireren proiektu bat. Alderdi batean pean sortutako proiektu bat dago, Beasain 2030. Haren haria jarraituko da. Legegintzaldi plana ere hor dago. Nik pertsonalki zalantzarik ez dut aldaketa handirik ez dela egongo, enpresetan eskatzen den zuhurtziarekin eta zorroztasunarekin egin ditugulako lanak eta ez Aitor badoa eta Leire dator. Askoz ere pentsaera zabalagoko molde baten barruan dagoen proiektua da. Noski, bakoitzak bere ukitua emango dio, baina ildoa markatuta dago. Estiloan aldaketa egongo da, seguru, baina hortik haratago aldaketa handirik ez dut uste egongo denik.
Esan duzu Beasain hobea dagoela.
Beasain garbiagoa bat, irisgarriago bat…
Zein da uzten duzun ondarea?
Batez ere, pertsonak eta elkarteak. Elkarteek duten bizitasuna. Gure lanetako bat izan da elkartegintza hori mantendu, indartu, goxatu eta babestea. Herriak duen ondarea hori da. Eta hor, dudarik gabe esaten dut, hobekuntza bat egon dela. Guk hartu genuenerako saltoa emana zegoen, EH Bilduk tokatzen zen saltoa eman zuen. Baina esponentzialki egin du gora, sartu ditugu agente pilo bat. Egin ditugun proiektu askok pertsonak dituzte atzean eta pertsona bakoitzaren atzean aberastasun bat dago. Eta gu hor ibili gara, aberastasun hori elikatzen.
Herritarren berotasuna sentitu duzu ala alkatearen bulegoa urruti dago?
Maitatua sentitu naiz eta herritarrei eskertu beharra diet. Saiatu naiz herritarrek zituzten buruhausteak konpontzen edo ahal zena egiten. Baina gertatzen dena zera da: alkatea ikusten dela toki guztietan hala eskatzen delako, baina atzean talde oso bat dago. Gu hamar gara eta atzean alderi oso bat dugu. Xabik [Matarranz], Elenak [Ruiz], Edortak [Diaz del Rio], Encarnik [Arrieta]… norberak bere lanak egiten ditu. Ez da pertsona bat. Gobernu taldea saiatu da ekintza guztietan egoten eta elkarteekin harremanak saretzen. Talde izan gara, eta taldea hor egon da. Gu, eta Leire zer esanik ez, oso kontziente gara taldea ezinbestekoa dela. Gaur egun ezin da pertsona bat etorri eta agintzen haste hori, edozein enpresatan. Politikan ere alperrik da. Inertziak gehiago ikusten dituzu behetik gora goitik behera baino.
Hauteskunde garaian Goierriko Hitzari eskainitako elkarrizketan legebiltzarkide eta alkate lanak uztartzeko ideia ez zenuen baztertu baina azkenean ez duzu egingo. Zergatik?
Lan kargagatik. Legez, alkatetza eta legebiltzarkide lana bateragarriak dira. Baditugu hemen ondoko herrietan adibideak. Baina nik udalerako konpromisoa ulertzen dudan moduan ezinezkoa da. Eusko Legebiltzarra beste mundu bat da. Gainera, Gipuzkoako alderdiko burukide izateak ere lana suposatzen du. Udalak eta herritarrek beste konpromiso bat eskatzen dutela uste dut eta ni neroni ez naiz kapaz ikusten. Legeak onartuko du, baina honi ezin diozu bizkarra eman eta delegatu eta delegatu ibili.
Gustatuko litzaizuke noizbait berriz ere alkate izatea?
Ez, etapak dira eta nirea pasa da. Nire helburua inoiz ez da izan alkate edo legebiltzarkide izatea. Jende berriak eman behar dio haizea honi, sanoa da hori. Politikari batzuk ikusten ditut legegintzaldia joan eta legegintzaldia etorri beren karguetan eta nik ez dut partekatzen. Nik, zorionez, nire lana dut hemendik kanpo eta bertara itzuliko naiz. Gainera, herriari zerbitzu bat eman behar diozu eta guk ematen dugun bezala hau ez da urte askoan horrela egotekoa, gogorra da.
Beasaingo EAJrekin eta udal gobernuarekin harremanetan jarraituko duzu?
Herritar bat gehiago izango naiz, noski. Baina harremana eta kanpo ikuspegitik laguntzeko prestutasuna, erabatekoa. Gainera, gauza batzuetan kanpoko ikuspegi horretatik laguntzeko aukera gehiago izaten dira. Gertu izango naute.
Politika orokorrera egingo duzu saltoa. Espero zenuen?
Ezta alkatetza ere. Herrigintzan hasten zarenean lanean eta alderdiak proposatzen dizunean gauza hauek iristen dira espero ez duzunean, helburutzat hartzen ez duzunean. Zorionez nik nire lanpostua dut eta ez dut inolako beharrik. Sinisten dudalako sartu nintzen halako saltsetan. Nire eskuetan dagoena eman dut eta ematen jarraituko dut, ahal dudan tokian aportatzen. Ikusten badut ezin dudala eta ez nauela asetzen utzi egingo dut.
Nola hartzen duzu erronka berri hau?
Ikuskizun. Pisu gehiago du udaletxea uzteak beste honi heltzea baino, gaur gaurkoz.
Zein ardura izango dituzu?
Euskara, kultura eta kirolaren inguruko eta industria batzordeetan, berrikuntzaren inguruan. Ez dakit nire perfilak diren baina ingeniaria naizenez… Gustuko ditut arlo horiek eta euskararen, kulturaren eta kirolaren inguruan mugitu naiz aisialdi garaian. Udalean jasotzen duzu eskarmentua legebiltzarrean baliagarri izatea nahi dute.
Legebiltzarrean bidea egitea gustatuko litzaizuke edo lau urtetarako proiektua besterik ez da?
Orain hau tokatu da eta ez dut begiratzen hurrengoa zer izango den. Oraindik ezagutzen ari naiz eta ez dakit zer puntura arte aportatzerik izango dudan. Hori izango da klabea. Zuk zure burua ikusten baduzu kapaz zarela zure lanagatik, zure ezagutzagatik, zure dena-delakoagatik… aportatzeko eta proposatzen badidate jarraitzeko bada, ondo. Eta bestela, nire lanera.
Gipuzkoa Buru Batzarreko burukide ere hautatu zaituzte duela hilabete. Alderdi barruan geroz eta pisu gehiago duzu.
Pisua baino gehiago edadea daukagu guk. Hemezortzi urte herritarrengandik gertuen dagoen erakundean lan egiteak ikuspegi bat, ezagutza bat… ematen dizu. Legebiltzarrean edo alderdian eskarmentu horrekin zerbait aportatu dezakedala iruditu zaie. Pentsatzen dut dena lotuta doala.
Burukide izateko izendapena gustura hartu zenuen?
Norbait zugan fijatzea eta poposatzea halako ardura bat hartzea gustora hartzen duzu. ‘Zerbait ongi egingo nian’, esaten duzu.