Jaurlaritzak neurriak mantendu ala gogortuko dituen gaur erabakiko du
Lehendakariak azaldu du «herritarren lasaitzeari muga» jartzeko neurriak izango direla. Goierrin okerrera egin dute datuek, eta hainbat herri daude intzidentzia tasa gaindituta
LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak gaur erabakiko du Eguberriei begirako neurriak mantendu ala gogortuko dituen. Joan den ostiralean bildu zen batzordea; beste erabakirik hartu aurretik, egun batzutan pandemiaren datuen garapena aztertzekotan gelditu ziren. Gaur goizean, komisio teknikoa elkartuko da, eta 17:00etan, aholku batzordea. Azken egunetako datuak aztertu, eta abendu hasieran hartutako neurriei bere horretan eutsi edo beste neurri gehigarririk edo zorrotzagorik hartu behar ote den aztertuko dute.
Iñigo Urkullu lehendakariak atzo sarean eskainitako elkarrizketa batean, «Eguberrian arriskua» handia dela ohartarazi du, eta neurriak zorrotz bete eta ez erlaxatzeko deia egin die herritarrei. Ez du argitu zer nolako neurriak har ditzakeen aholku batzordeak, baina beste erkidego batzuk EAEn indarrean daudenak baino «neurri zorrotzagoak» hartzen ari direla gogorarazi du, eta gaurko bilerak, «herritarren erlaxatzeari eta lasaitzeari mugak» jartzeko balioko duela. Izan ere, herritarrengan jarri du harreta lehendakariak, beste behin ere, baina ñabardura batekin. «Ez diogu gizarteari deia hirugarren pertsonan egiten, pluraleko lehen pertsonan baizik: zaindu gaitezen eta zaindu ditzagun, hori da esan nahi duguna».
Txertoaren iritsiera dela eta, zuhurtziaz hitz egin du Urkulluk, eta ohartarazi du, lehendabiziko egunetik ez dela denontzako txertorik izango. «Hilabeteak beharko ditugu gizartearen zati handi bati txertoa eman eta talde inmunitatea lortzeko». Lehendakariaren ustez, 2021eko uda izan liteke hori lortzerako.
Kezkatzeko datuak
Izan ere, abenduan egoerak ez du hobera egin. Hilabete hasieran datuak apaltzen hasi baziren ere, azken bi asteetan igo egin dira atzera, eta Goierriko hainbat herritan egoera kezkagarria da, 500etik gorako inzidentzia tasa baitute. Beasain eta Ordizia eremu gorrian daude, baina 5.000 biztanletik beherako hainbat herrik gainditzen dute muga hori. Egoerarik okerrena Segurak du, 1.575,86ko inzidentzia tasarekin. Arama (1.485,15), Zaldibia (920,15), Ataun (802,29) eta Zerain (751,88), adibidez, oso goitik daude.
Goierri, mugatik gertu
Goierri-Urola Garaia osasun eremuko bataz besteko tasa ere, gertu dago 500eko muga horretatik. Asteburuko datuen ondoren, 486,01ean kokatu da, arrisku laranjako eremuan dago, beraz. Eskualde barruko azpi-eremuak kontuan hartuta, Ordiziakoa (Oria bailarako herriak ere hartzen ditu) da daturik okerrenak dituena, 636,40ko tasarekin. Beasaingoak (Aizkorpe eta Eztanda bailarak hartzen ditu) 578,78koa du, eta eremu gorrian dago, Ordiziakoarekin batera. Hobeto daude Lazkaoko eremua (328,75) eta Zumarragakoa (306,65), biak kolore laranjan.
Eremu gorrian dauden bi eremu horietan, Beasaingo eta Ordiziako osasun eremuetan, herri batek 500eko tasa gainditzen badu eta astebetean bi positibo kasu baino gehiago baditu, tabernak ixtea bezalako neurri gehigarriak har ditzake Jaurlaritzak, abenduaren 10eko dekretuak jasotzen duenaren arabera.
Ostalarien protesta
Gipuzkoako ostalarientzat protesta eguna izan zen atzokoa. N-1 errepidera eraman zuten tabernak zabaltzearen aldeko aldarrikapena, auto-iladak sortuz. Zutabe bat Beasaingo Senpere auzotik abiatu zen Donostia aldera, eta bigarrena, Lasarte-Oriatik, Beasainera bidean.
Tabernek itxitajarraituko dutelau herritan
Orain arte, Goierriko lau herritan hartu du Jaurlaritzak tabernak itxiarazteko neurria. Ordizia izan zen aurrenekoa; handik bi egunera, beste horrenbeste egin zuten Beasain eta Zaldibiarekin. Eta pasa denostegunetik, Seguran ere itxitadaude tabernak eta jatetxeak. Astean bitan egiten dute eremu horietako herrietako datuen berrikusketa, astelehenetan eta ostegunetan. Atzoko txostenean, lau herri horietako tabernak itxita mantentzea erabaki zuen Jaurlaritzak, datuek apenas hobera egin dutela ikusita. Ordizian intzidentzia tasa 742,23koa da, Beasainen 651,44koa. Seguran 1.575,84ko tasa dute eta azken astean 6 positibo zenbatu dituzte. Zaldibian, berriz, 920,25 tasa eta 8 kasu izan dituzte. Datuen hurrengo berrikusketa, ostegunean egingo dute.