Urretxuko 20 merkatarik 'online' plataforma jarri dute martxan
20 denda horien produktuak 'urretxu.gureplaza.com' webgunean ikusi eta enkargatu daitezke. Aurrerago bertan erosi ahal izango dira eta etxera eramango dituzte
Urretxuko 20 merkatarik urretxu.gureplaza.com plataforma sortu dute beraien produktuak online (Internet bidez) saltzeko.
Plataforma horren bitartez beraien produktuak eta zerbitzuak salduko dituzte eta erosleekin harremanetan jarriko dira. Horra hor urretxu.gureplaza.com plataformako kideak: Aixa frutegia, Belarzain belar denda, Bidegorri kirol denda, Buen Bokado eramateko janaria, Durga Ma yoga eskola, Lofer etxetresna elektriko denda, Elisabeth ile apaindegia, Euskalduna mineralak eta fosilak, Ezpeleta argi-denda, Mi Tienda etxerako arropa, Infomadaia informatika denda, IPA 12 artisauak, Leire Santillan arropa denda, Marai&NKN arropa denda, Naturhouse Urretxu, Opticalia Urretxu, Stylo ile apaindegi eta arropa denda, Titare mertzeria eta lentzeria, Arbizu ardoak eta Xarmanki edergintza.
Aipatutako webgunean erosleek berrikuntzen berri dute eta denden eta produktuen argazkiak dituzte. Gainera, produktuak erreserbatu ahal dituzte. Aurrerago produktuak webgunean bertan erosi ahal izango dira eta etxez etxeko banaketa egingo dute.
Webgune horrek erosleari bilatzen duen produktua modu errazean aurkitzeko aukera ematen dio. Pandemia dela eta, plataformek indar handia hartu dute. Izan ere, modu seguruan erosteko aukera ematen dute. Edozein tokitatik, gainera.
Urretxuko Udalaren laguntzari esker, promozio kanpaina egingo dute. Denda bakoitzeko lehenengo 10 bezeroek %50eko deskontua izango dute (deskontua 20 eurokoa izango da gehienez). Egitasmo hau Urretxuko Udalak bultzatu du eta herriko merkatari guztiek parte har dezakete.
Plataforma atzo eguerdian aurkeztu zuten, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian, Jon Luqui alkateak, Ikei enpresako Felix Gorospe eta Ixone Villafruelak eta hainbat merkatarik parte hartu zuten.
Luquik Ikei enpresak merkataritza biziberritzeko plana egiten lagundu ziela eta oraingoan plataforma sortzen lagundu diela azaldu zuen. «Merkataritza planeko zazpi ardatzetako bat digitalizazioa da. Beste toki batzuetan ere antzerako plataformak sortzen ari dira. Plataforma sortzeaz gain, merkataritzan planean jasotako beste lan batzuk egiten ari gara: aparkaleku berriak, alde zaharraren biziberritzea…». Merkatarien inplikazioa azpimarratu zuen. «Plataforman 20 dendak parte hartzen dute, oraingoz. Kopuru garrantzitsua da, Urretxun 80 denda baitaude guztira».
Etorkizuna
Gorospek zorionak eman zizkien merkatariei eta udalari abangoardiaren alde apustu egiteagatik. «Bizitza osoa daramagu minoristekin lan egiten eta ondo dakigu zer datorren. Berrikuntzetara egokitzen ez dena, desagertu egingo da. Etorkizunean oso garrantzitsua izango da udalen eta merkatarien arteko harremana. Harreman ona ez dagoen hirietan, dendak desagertu egingo dira».
Urretxuko merkatarien lana txalotu zuen. «Gogor lan egin behar izan dute eta inplikazioa erabatekoa izan da. Merkatarien %25 plataforman dago. Plataformak bezeroak erakartzeko eta bezeroek zer nahi duten jakiteko balioko die».