Zaldia eta ibia ageri direna bozkatu dute zaldibiarrek udal ikur izateko iruditzat
Aurretiko aukeraketatik eskainitako lau irudien artean, bigarren diseinuak jaso du boto gehien, alde handiz. Udaletxe berriaren etxaurrean jarriko dute. Astebetean 279 boto eman dituzte
Zaldibiako Udalaren agiri ofizialetan, udal bitartekoetan eta komunikazio euskarrietan erabiliko den irudi berria herenegun aukeratu zuten. Bozketa herrikoia antolatu du udalak, aurreko astebetean, eta igandean zenbatu zituzten botoak, lau proposamenen artetik. Zaldi baten aurreko partea ageri da ikurrean, txuriz, ezkerreko besoa jasota duela; aurrean, armarrian aurrerantz galtzen doan bidea, ezkutuaren hondo urdin ilunean.
Gattiken komunikazio etxeak diseinatutako lau proposamenetatik, ikur horretxek lortu du boto gehien, alde handiarekin. 228 boto jaso ditu bigarren zenbakiz aurkeztutako irudi horrek. Kolore nahasketa zeukan 4. proposamenaren alde 27 boto jaso dira, 3.ak (bi z elkarri gainjarrita) 17 izan ditu, eta lehenak (Z formako ezkutua) 7.
Guztira, beraz, 279 boto eman dituzte, astelehenetik igandera. Igande eguerdian zenbatu zituzten, plazan, udalak langintzarako izendatutako mahaikoek. Lardizabal herri eskolako geletako ordezkariek ere bozkatu dute, ikaskideekin adostutako iritzia eramanda. Berez, 12 urtetik gorako zaldibiar erroldatuek eduki dute boto eskubidea
Udalaren papertegi eta afixa guztietan erabiltzeaz gain, udaletxe berriaren horma nagusian jarriko dute. «Zaldibiako Udalaren sinbolo edo ikur nagusia izango da, udala herritarren eta munduaren aurrean aurkezteko balioko duena», dio udalak.
Gaur egungo udaletxe zaharra eraisten dutenean, bertan dagoen armarri zaharra osorik ateratzen saiatuko dira, gordetzeko.
Kalea itxita, garabiagatik
Hain zuzen, udal eraikin berriaren egitura altxatzeko erabili duten garabi-dorrea gaur kenduko dute. Santa Fe kaleko zirkulazioa moztuko dute, Itoitz etxetik Estanko parera, eta zenbait aparkaleku hustu beharko dira. 07:00etatik 14:00etara iraungo du desmuntaketak. Autobusak Arresene ondoko geltokira joango dira, zuzenean.
Beste bi ekimen ere baditu esku artean udalak. 2021eko herriko egutegia banatu du etxeetara. Hilabete bakoitzeko irudia herritar banak ateratakoa da; azalean, beste zazpiren argazkien bilduma bat kokatu dute.
Bestetik, Herri Hezitzailea ekimena gaur 17:30ean aurkeztuko du, Karreane kultur etxean. Herri eredu bat zehaztu du Oinherri etxeak, «herritar guztiak barruan bilduko dituena, bakoitzak bere izaera galdu gabe».
Bertso zaharrak, bihar
Negu bizia egitarauan, Auskalo zeinek jarriak, bertso zahar eta berriak saioa egingo dute, bihar, Eñaut eta Unai Agirre anaiek. Bi emanaldi jarri dituzte, jende gehiago sartzeko, 17:30ean eta 19:00etan, antzokian. Sarrerarik ez dago jada, ordea.
Eneko Dorronsoro ataundarrak eta Fredi Pelaez lazkaotarrak igandean Agirre diskoa aurkezteko duten kontzertu bikoitzetarako ere sarrerak agortu dira. Antzokian dira bi emanaldiak, 17:00etan eta 19:00etan.