Zaldibia 'herri hezitzaile' bihurtu da, hezkuntzaren ikuskera orokortzeko
Herritarren heziketaren esparrua herri guztia eta herritar denak direla oinarri hartuta, Oinherri sarean sartu da. Hezkuntzarena «ardura elkarbanatua» da. Herrian garatzeko urratsak, zehaztuta
Zaldibia herri hezitzaileen sarean sartu da. Urtebeteko lanketaren ondoren, herenegun aurkeztu zuten Zaldibia herri hezitzailea egitasmoa, udalak eta hainbat eragilek bultzatu eta gero. Hezkuntza ikusteko «beste modu bat ekarri nahi du herri hezitzailearen kontzeptuak, orain arte eskolara edo familiara mugatu izan den eskumena herri osoaren egiteko orokortu gisara ulertuta. Zaldibiako eragileen arteko sarea josi nahi dute, baita kanpokoekin lotu ere.
Euskal Herriko herri hezitzaileen Oinherri sarera 20 bat herri sartu dira jada, Zaldibia bezala. 2012an hasi zen, kezka beretsuak zerabilzkiten elkarte batzuen artean 16 daude gaur egun, hezkuntza, aisialdi edo kultura arlokoak, eta herrialde banatako zazpi herritan proba-ekimenak abiarazi zituzten.
«Herria bera da herritarraren esparru hezitzailea, eta herritar guztiak eragileak. Hil arte gara hezigarriak, eta, aldi berean, albokoa hezten dugu. Hezkuntza, ardura konpartitua da. Ados dezagun herria zein baliotan hezi nahi dugun, ipar konpartitua jarrita», azaldu du Oinherriko ordezkari Maite Azpiazuk. Herrian hezkuntza eredu integrala lortzea da helburua.
Zazpi giltzarri moldagarri
Herritarren heziketan eta hezkuntzan, komunitate osoak parte hartu behar duela defenditzen du Oinherrik. «Printzipioz, herri guztiak dira herri hezitzaile, kontzienteki edo ez. Noski, funtzio horren kontzientzia izatea nahi dugu». Zazpi giltzarri teoriko orokor aurkeztu dituzte jakitun izateko, gero toki bakoitzean bere erara egokitu behar direnak, prozesu bat burututa.
Abiaburua, «haurra ikusteko modua» aldatzea da. Hezkuntza tradizionalean ulertu izan denaren kontrara, umea ez da ontzi huts edo orri zuri jaiotzen. «Gaitasun batzuk ditu jaiotzetik beretik, eta inguru goxo bat emanda, berak bakarrik garatuko ditu. Haurrak ez dira etorkizuneko herritarrak, oraingo eta hemengo herritarrak ere badira», dio Azpiazuk. Haurtzaroaren kultura ikusi eta ulertu behar da, jolas librea eta desestrukturatua bultzatu, ez gidatua eta bideratua.
Bestetik, hezkuntza eta heziketa «haurrentzako egitetik, haurrekin egitera» igaro beharra aldarrikatu du, haiek ere partaide, erabakitzaile eta parte bihurtuta. «Haurra, gainera, metafora bat da, gizarteko jendarte zaurgarriena jar liteke leku berean: emakumea, etorkina, euskara, natura… Periferiatik erdigunera ekarrita, denontzat egokia dena eraikiko dugu; motelenarengan pentsatuta eginez gero gauzak, denok kabituko gara».
Euskara, aniztasuna eta berdintasuna, ingurumen naturala eta kulturala ezagutzea, eta auzolana, «komunitate-izaera berreskuratzea» dira beste giltzak.
Diagnositik, geruzak batu
Herri hezitzailea garatzeko, hiru hanka nagusi zehaztu ditu Oinherrik: «Tokiko administrazio publikoa, udala kasu honetan, bere atal, esparru, langile eta alderdi guztiekin; hezkuntzako eragileak, hasi ikastetxe eta gurasoetatik, eta aisialdi, ludoteka edo dauden baliabideetara; eta herrigintzako eragileak. Hiru zutabe horien arteko harreman horizontalak sortu behar dira, motore eta dinamizatzaile izango den gune bat sortzeko».
Diagnosia da lehen lana, eta Zaldibian egina dago. Tipulari geruzak eransten joan behar zaio ondoren, «gertukotik hasi eta, aliatuak bilatuz, zabalduz». Herrirako amets konpartitu bat eraikitzea da azken maila.













