Zegama eta Segura arteko errepidea hobetzeko lanak bukatu dituzte
Ekaina hasieran hasi zituzten eta 1.373.673 euroko aurrekontua izan dute. Azken 20 urteetan, GI-2637 errepidean ia 15 milioi euroko inbertsioa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Seguratik Zegamara doan GI-2637 errepideko zatia hobetzeko lanak amaitu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zehazki, Kortaberriko biribilgunetik Ondaraldea industrialdera doan errepide zatia hobetu dute. Ekainean ekin zieten lanei, eta 1.373.673 euroko aurrekontua izan dute horretarako. Atzo eremua bisitatu zuten Aintzane Oiarbide Aldundiko Bide Azpiegitura diputatuak eta Joseba Izagirre Zegamako alkateak.
20 urte inguru daramatza Foru Aldundiak GI-2637 errepidea hobetzeko lanak egiten, N-1 errepidearekin lotuz. Sei etapatan egin dute lan hori: 1999an egin zuten lehenengo konponketa, Segurako saihesbidearekin, eta Kortaberriko biribilgunetik Ondaraldea industrialdera doan errepide zatia izan da azkena. 2009an, berriz, Seguratik Kortaberriko biribilgunera doan zatia hobetu zuten. Zegamako azken zatian, halere, bi fase bereizi dituzte: «Zegamako aurreko obra joan den legealdian izan zen, duela bi urte inguru bukatu genuen bidegorri eta guzti; hau bigarren fasea izan da eta orain Idiazabalekin lotura erabatekoa da», azaldu du diputatuak.
Segurtasuna areagotzeko
Errepidearen «geometria» eta «estutasunak» kentzea izan dute helburu gidatzeko erraztasuna eta segurtasuna hobetze aldera: «Zenbait lekutan ez zegoen bi ibilgailu pasatzeko tokirik», gehitu du Oiarbidek. «Pozik» agertu da inguruko jendea «gustora» geratu delako.
Joseba Izagirre Zegamako alkateak azaldutakoaren arabera, zegamarrak «aspaldi faltan» zuten zatia konpondu du Aldundiak: «Oso eskertuta gaude aurten bukatu dutelako eta herritarren sentsazioa oso ona izan da nola geratu den ikusita». Ordezkariek adierazi dutenez, lanak egin dituzten tartean ere txukun jardun dute eta errepideak ez ditu deserosotasunak sortu.
Lehentasunak herrietan
Aipatu bezala, azken zati horretan egindako obren kostua ia 1,4 milioi eurokoa izan da, eta duela bi urte hobetutako zatiak, aldiz, ia 1,7 milioi euroko kostua izan zuen. «Ez dugu edozein lekutan horrelako inbertsiorik egiten, obra handiak kenduta soilik», esan du Oiarbidek.
GI-2637 errepideko lanek «herri txikietan eta urbanizazio handirik ez dagoen herrietan» ere «lehentasunak jarri» behar direla erakusten dutela nabarmendu du: «Azken urteotan inbertsio handia egin da bailara honetan eta nik uste inguru guztiak behar zuela errepidea kondizio horietan edukitzea».













