"Agirre" izeneko diskoa aurkeztu dute Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezek
Aurkezpenekin bete-betean dabiltzan honetan Ataungo Herri Antzokia aukeratu dute musikariek oraingoan "Agirre" izeneko diskoa ezagutzera emateko
Eneko Dorronsoro ataundarrak eta Fredi Pelaez lazkaotarrak “Agirre” diskoa aurkeztu dute gaur arratsaldean Ataungo Herri Antzokian. Aurretik San Gregorio auzoan bi aurkezpen egin zituzten arren, hirugarren bat ere egin nahi izan dute Dorronsororen herrian. Ataundarrak Herri Antzokia handiegi geratzen zitzaiola uste zuen arren, makina bat eserleku bete dituzte bi musikariek gaur arratsaldean.
Esku artean darabilten “Agirre” lana aurkezten dabiltza bi goierritarrak, Eneko Dorronsoro trikitiarekin eta Fredi Pelaez pianoarekin. Gaurkoan Enekok hartu du hitza ikuskizunean, izan ere, disko hau bere amari eskainitako lan bat da, omenaldi moduan. GOIERRIKO HITZA-k egindako elkarrizketa batean aipatu zuenaren arabera, Agirre izena jarri dio, bere bigarren abizena delako hau, amarena: “Beti Eneko edo Eneko Dorronsoro deitzen didate, inork ez Agirre. Ama bistarazteko lan bat badaukagu, niregandik hasita. Ama da lan gehien egiten duena, eta, 40 urtera ailegatzear gaudela, orain ez badiot egiten… Hortik doa omenalditxoa edo keinua.”
Aurkezpenekin jarraituz, hurrengoa Zaldibian egingo dute bihar arratsaldean, 17:00etan eta 19:00etan. Urtarrilaren 3an ere Legorretako Herri Antzokian egongo dira bi musikariak, 18:30etan.