Bujanda fusilatua oroitu dute Olaberrian
Jesus Bujanda 1936ko irailaren 8an fusilatu zuten Lizarrustin. Gaur, honi omenaldia egiteko asmoz, Olaberrian bildu dira herritar eta senideak
Olaberriako Udaletxe ondoan elkartu dira gaur Jesus Bujandaren senideak 1936an fusilatu zutenari omenaldia egiteko asmoz. Bujanda Vianan jaio zen 1898an, baina CAF enpresan lanpostua lortu eta gero Beasainerako bidea hartu zuen, eta beranduago Olaberriako Maria Olaranekin ere ezkondu zen. Lau seme alaba izan zituzten: Joxe, Sara, Bixente eta Joxemari. Azken hau gaur Olaberriako herriak Bujandari egindako omenaldian egon da gainontzeko senideekin batera.
CAFen langileen sindikalista zen Bujanda, eta ez zituen begiko faxisten ideiak. 1936an, Gerra Zibila iritsi zenean, herriko abertzaleen bilera batean elkartu zen Jesus beste zenbait herritarrekin, baina egun hartan Jesusek berak sarrera debekatu zion gonbidatuta ez zegoen herritar bati, honek han hitz egindakoak entzun eta nonbait zabalduko zituenaren beldurrez. Abuztuaren 8ko gau hartan bizilagun honek Jesus seinalatu, eta CAFen lanean zebilela atxilotu egin zuten. Hurrengo goizean Ataunen Kaxetatik gora eraman eta bertan fusilatu zuten Bujanda.
Bujandatarren sufrimendua ez zen hor amaitu, 1951an orduko alkateak herritik bota baitzuen familia. Olaberriako Olargi Memoria Taldeko kidea den Mari Jose Insaustik omenaldian argi utzi du: «Areto hau beteta egotea, Olaberriak Bujandatarrei errekonozimendua zor zienaren seinale da», izan ere Olaberriako alkatea den Jokin Garmendiak aipatu duenaren arabera: «Familia hau herritik bota zuten, eta hau konpondu nahian antolatu dugu gaur ekitaldi hau».
Jesusen iloba den Antonio Barandiaran ere egon da gaurko omenaldian, eta honek bertsotan laburtu ditu bere garai hartako oroitzapenak. Bertsoan aipatu duenez «hasarre bila ez gatoz gu, baizik egiaren eske». Bertso, bideo, trikiti, kantu eta dantza artean omendu dute Jesus Bujanda Olaberriako herritar eta senideek. Ekitaldi hasieran jarri duten bideoan aipatu du Bujandaren semea den Joxemarik aitaren oroitzapen gutxi dituela, baina ez duela sekula ahaztuko bere aitak egurrezko ziba nola jartzen zuen dantzan, eta eskutik eskura nola pasatzen zion. Hori berpiztu nahian, Carlos Irazu eskultoreak egurrezko eskultura bat egin dio familiari ziba eskutik eskura dantzan irudikatuz.