Agirre diskoa aurkeztu dute Zaldibian
Eneko Dorronsoro ataundarrak eta Fredi Pelaez lazkaotarrak ‘Agirre’ diskoa aurkeztu dute Zaldibiako Antzokian. Bi emanaldi eskaini dituzte, bata 17:00etan eta bigarrena 19:00etan.
Eneko Dorronsoro ataundarrak, Fredi Pelaez lazkaotarrarekin elkarlanean argitaratu berri du ‘Agirre’ izeneko diskoa. Pasa den igandean aurkeztu zuen Lazkaoko Liburu eta Disko Azokan eta asteburu honetan hiru kontzertu eman ditu: larunbatean Ataunen eta gaur bi bider Zaldibian.
Zaldibian negu bizia
Gaurko kontzertu akustikoaz gain, bestelako ekintza asko antolatu dituzte negu honetarako Zaldibian. Esaterako, abenduaren 29an ‘Lur’ obra antzeztuko dute Antzokian, Lehen Hezkuntzako 4.,5. eta 6. mailako ikasleentzat. Haur Hezkuntzako 3.,4. eta 5. mailako txikientzat, berriz, ludoteka antolatu dute abenduaren 30ean, goizeko 11:00etatik hasita. Ez da egun horretako ekitaldi bakarra, ordea, Lehen Hezkuntzako lehenengo, bigarren eta hirugarren mailakoentzat jolas tailerrak egingo baitituzte. Arratsaldean, Lander Garrok ‘2 urte, 4 hilabete eta egun bat’ filma aurkeztuko du.
Urte berriarekin bat, ‘Erlauntza’ filma eskainiko dute urtarrilaren 2an. 4an, adin guztientzat prestatutako artzainen herri kirolak izango dira. Urtarrilaren 7an, adin ezberdinetarako umeentzat jolasak egongo dira.