Bizkaiko Batzar Nagusiek Joxe Mari Iparragirreren gitarra berritu dute
Zaharberritze lana Laura Vicario luthier bilbotarrak egin du. Gitarra Gernikako Batzarretxeko Beirategiaren Aretora itzuli da. Pandemia dela eta, ezin da ikusi
Bizkaiko Batzar Nagusiek Joxe Mari Iparragirreren gitarra berritu dute. Zaharberritzearen ondoren, Euskal Herriko gitarra ospetsuena Gernikako Batzarretxeko Beirategiaren Aretora itzuli da.
Aurten Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena bete da eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ere ospatzea erabaki dute. Horretarako, bere gitarra berritu dute. Berritze lana Laura Vicario luthier bilbotarrak egin du.
Berritutako gitarra atzo aurkeztu zuen Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Gernikako Arbolaren ondoan. Ekitaldian Lorea Bilbao Kultura diputatuak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Vicariok ere parte hartu zuten.
Iparragirreren paperean sartutako antzezle batek eta Silvia Gutierrez gitarra-joleak Gernikako Arbola kanta interpretatu zuten. Azken honek berritutako gitarra erabili zuen, noski.
Argentinan egindakoa
Gitarra hau Progreso Argentino lantegiko Salvador Ramirez Andaluziako gitarra egilearen sinadura du barruan. Gizon honek Buenos Airesen eman zuen bere bizitzaren zati handi bat eta Iparragirrek bertan erosi zuela uste da.
Iparragirre hil zenean, gitarra bere lagun baten eskuetara pasa zen: Castañeda zumarragarra. Horrek Zubiria jaunari pasa zion eta beste horrek Pedro de Egañari. Azken horrek Bizkaiko Foru Aldundiari eman zion. Izan ere, Iparragirreren kanta ezagun eta esanguratsuena Gernikako Arbola da.
Bizkaiko Foru Aldundiak gitarra Gernikako Batzarretxeko Beirategiaren Aretora eraman zuen eta bertan ikusgai jarri zuen. Ordutik, milaka lagunek mirestu dute Iparragirreren gitarra.
Denborak eta koleoptero espezie batzuk egurra kaltetu dute, ordea. Bizkaiko Foru Aldundiak Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurreneko ospakizunekin bat egitea erabaki du eta, horretarako, zer hobe gitarra berritzea baino.
Vicariok instrumentua barrutik eta kanpotik garbitu du, pipiaren aurkako tratamendua eman dio eta ondoren konpondu egin du, Iparragirreren garaian erabiltzen ziren kola naturalak erabiliz. Markak kendu ostean, bernizatu egin du.
Hari berriak ere jarri dizkio, noski. XIX. mendean erabiltzen zirenak bezalakoa, hain zuzen ere. Nota altuetako hariak tripazkoak eta lauak dira eta bajuetakoak zetazkoak. Pandemia dela eta, oraingoz ezin da gitarra ikusi.