«Herriaren esentzia hor dagoelako, azokan»
Arandiak (Ordizia, 1976) zapore gazi-gozoarekin amaitu du urtea. «Gazia, egoera ez delako ona. Baina gozoa ere esango nuke azkenean eutsi egin diogulako». Azoka astez aste mantentzea lortu dute; Eguberrietako berezirik, ordea, ez da izango.
Ordiziako Udalak ez du gabonetako azoka berezirik antolatu aurten baina asteazkenoroko azoka ohiko legez egingo da.
Ordiziako Gabonetako azoka berezirik zergatik ez da egingo bihar, azken asteazkenean?
Asteroko azoka eusteko apustua egin dugu baina azoka berezi batean sartzean beste dimentsio batzuetan sartzen zara, askoz jende gehiagorekin. Gauden egoeran, edozein jende pilaketa ekidin behar da. Ikusi besterik ez dago Ordizia zer nolako egoeran dagoen, zer nolako tasak dituen, ostalaritza ere itxita dugu… Ez du zentzu handirik halako egoeran azoka berezirik egiteak. Hau ez da egingo eta datozenak ere ikusi egin beharko dira. 2021eko lehen azoka berezia apirilean izango da baina hori ere zalantzan jartzen dugu.
Gabonetako azokak beste dimentsio bat duela aipatu duzu. Nolakoa izaten da?
Garai honetako produktuekin erlazionatuta dago. Garagartza plazan garaiko frutak eta abar egoten dira. Errezil sagarrak, adibidez. Frontoi txikian animalia erakusketa izaten da kapoiekin, ahuntzekin… Eta bestelako postuak ere izaten dira, gabonetako produktuekin, jendeak aukera izan dezan jai hauetarako erosketak egiteko. Eta asteazkeneroko azoka, noski.
Asteazkeneroko azokari eutsi diozue.
Asteroko azokari pandemiaren garairik gogorrenetan ere eutsi genion, postuen aldetik era murritzago batean baina bertako produktuekin. Asteazken bakarrean ez zen izan azokarik, egoeraren larritasunagatik. Orain postu guztiak daude, baina beste era batera egituratuta. Herrigune osoan zabalduta daude, pilaketa gutxiago egoteko. Momentuz hala mantenduko dugu, eta gerora baloratuko dugu lehengora itzuli hala ez. Denborak esango du. Zentzu horretan gustura gaude, eutsi ahal izan diogulako.
Ordiziarentzat nolako garrantzia du azokari eusteak?
Ordiziak betidanik egin du azokaren aldeko apustua, herriaren esentzia hor dagoelako, azokan. Azokari lotuta daude herriko merkataritza eta ostalaritza. Ordiziako Udalak aurten apustu hori askoz ere sendoagoa egin behar izan du. Egindako esfortzua handia izan da, halako azoka bat segurtasun neurri guztiekin egiteko lan handia egin behar baita. Baina udalak uste du merezi duela, erreferentea delako gure azoka. Etorkizunean ere erreferente izaten jarraitzea gustatuko litzaiguke.
Urteari errepaso bat eginda, gustura amaitu duzue?
Zapore gazi-gozoa dugu. Gazia, egoera ez delako ona inorentzat. Ordizian agerraldi gogorrak izan ditugu eta beldurra nabaritzen da. Gainera, azoka ez da ordiziarrena bakarrik, baita ere eskualdeko herritarrena, bisitariena… beraien jaitsiera nabaritu dugu. Baina gozoa ere esango nuke azkenean eutsi egin diogulako eta bertaratzen diren ekoizleek saltzeko aukera izan dutelako. Konfinamendu garaian ikusi zen jende gazteak azokaren aldeko apustua egin zuela eta gustatuko litzaiguke orduan sortutako babes hori aurrerantzean mantentzea.
Herrien arteko mugimendua galarazteak eragin handia izan du?
Itxialdiak eragin zuzena izan du. Ordiziako azoka erreferente da eta bezeroen erdiak inguruko herrietatik etortzen ziren. Kanpoko jendearen beherakada ere nabaritu dugu. Ea 2021ean berriro ere normaltasun batera itzultzen garenean bisitari horiek itzultzen diren.
Ekoizleek zer esaten dizuete? Urtearekin gustura gelditu dira?
Egoerarekin ez dut uste inor gustura izango denik baino udalari esker ona adierazi diote egindako ahaleginagatik. Azpimarratu nahiko nuke orain azokara etortzen dena ez dela ikusmiran etortzen, erostera etortzen da. Plazara sartzen dena erostera doa. Zentzu horretan produktuak ateratzea lortu dute, hobeto edo okerrago. Urtea nola hasi zen ikusita uste dut salbatzea lortu dela.