«Niregatik baino gainontzeko emakumeengatik poztu naiz»
Diputazioak Puri Alonso (1954) beasaindarra saritu du Lurraldebus autobus konpainian lanean ibilitako lehen emakumezko autobus gidaria izateagatik.
Autobus gidari lana izan da zure ogibidea. Nola erabaki zenuen hemen hastea?
Egia esan ez zen erabaki bat izan bere horretan. Hiru bazkidez osatutako enpresa txiki bat ginen ni hasi nintzen garaian, eta beti gertatzen den moduan «komodin» bat behar izaten da zerbitzu batzuk eskaini ahal izateko. Kasu honetan komodin hori ni izan nintzen, eta bazkide batek autobusak gidatu ahal izateko baimena ateratzea proposatu zidan. Nik une horretan 26 urte eta bi haur txiki nituenez, ez nuen argi ikusten, baina azkenean kobentzitu egin ninduen.
Autobusaren aurretik, kamioia gidatzen ikasi behar izaten da.
Hori da, lehenengo pausua kamioiak gidatu ahal izateko baimena ateratzea izan zen, eta gero urtebete kamiolari lanetan igaro nuela justifikatzea. Zorte handia izan nuen, izan ere Ordiziako garraiolari bat ezaguna nuen, eta berak lagundu ninduen fase horretan. Behin hau egindakoan autobusak gidatzeko baimena atera nuen, eta hortxe hasi zen dena.
Zein izan ziren zure lehenengo lanak enpresa honetan?
Hasieran Goierriko inguru guztietatik ibiltzen nintzen autobusean alde batetik bestera: asteburuetan futbol taldeak eramaten nituen, behin edo beste lagun taldeak eramaten nituen Errioxara, ikastetxeetako haurrak jasotzen nituen herri txikietan, Gureakeko haurrak ere bai… Hasieran mikrobusetan ibiltzen nintzen, baina pixkanaka autobus handiagoak gidatzen hasi nintzen: 48 plazakoak, 60koak… Eta azkenean Lurraldebusen amaitu nuen 18 metroko autobusak gidatzen.
Zer moduz moldatzen zinen Lurraldebusen?
Han hasi nintzenean dagoeneko 14 urte neramatzan autobus-gidari lanetan. Bigarren gidari bezala eramaten ninduten bidaia luzeetara, horrelako bidaietara normalean beti bi pertsona joaten baitira txandaka gidatzeko. Europatik asko ibili nintzen: Polonia, Praga, Paris, Italia, Alemania… Batzuetan Bartzelona edo Valentzia bezalako herrietatik deitzen ninduten, adibidez Veneziako inauterietara eramateko. Lehenengo Bartzelonaraino joan beharra izaten nuen gero Veneziara joateko. Pesan ere ibili nintzen garai batean, Idiazabal eta Ordizia arteko autobus-linean esaterako.
Lurraldebuseko lehen emakumezko autobus-gidaria izan zinen
Halaxe da bai. Nire enpresarekin 81. urtean autobus-gidari lanetan hasi nintzenean beste bi emakume ere ibiltzen ziren autobusak gidatzen, nik ez neukan harremanik beraiekin eta ez neukan honen berri, baina kide batzuk kontatu zidaten. Hauek ere familiako enpresa batean zeudelako hasi ziren autobus-gidari lanetan, garai hartan hori baitzen lan honetan aritzeko bide bakarra. Urte batzuk geroago Lurraldebusen sartu nintzenean, ordea, ni nintzen bertako emakume bakarra, eta lehenengoa gainera.
Noizbait epaitua sentitu zara lanean emakume izateagatik?
Sekula ere ez, ez dut inoiz arazorik izan inongo erabiltzaileekin. Guztiek errespetatu izan naute beti eta oso oroitzapen polita daramat.
Ba al duzu lehen emakumezko autobus-gidaria izatearekin lotutako bitxikeriarik?
Anekdota asko ditut, baina bat aipatzekotan Azpeitian gertatutako pasadizo batekin geratzen naiz. Ni Goierri inguruan dagoeneko ezaguna nintzen autobusak gidatzen aritzeagatik, baina Lurraldebusekin hasi nintzenean beste zonalde batzuetara joatea tokatzen zitzaidan eta ez zeuden ohituta emakumezko bat autobusa gidatzen ikustera. Garai hartan astearteetan Azpeitiako Erdikaletik pasatzen nintzen azoka zegoen egunetan eta hor inguruan autoak egoten ziren aparkatuta. Azaltzen nintzenean eta emakumezko bat nintzela ikusten zutenean, guztiak ero moduan autoak mugitzen hasten ziren niri lekua uzteko. Maniobrak nola egin esaten zidaten eta zoriondu egiten ninduten nire lanagatik.
Duela urtebete hartu zenuen erretiroa.
66 urte ditut eta erretiroa hartu dut dagoeneko, baina pasa den urtera arte Euskotren konpainian aritu naiz lanean, han ere emakumezko lehenengo autobus gidaria izan nintzen. Ebakuntza baten ondorioz 1995etik Lurraldebusen neukan lanpostua utzi beharra izan nuen. Garai bateko autobusak ez ziren gaur egun diren modukoak, ez ziren hidraulikoak, asko sufritzen zen eta azkenean lesio bat izan nuen bizkarrean. Lesio honen ondorioz zorabio eta bertigo asko izaten nituen, eta azkenean lanerako ezintasuna eman zidaten. Ezintasun hau dela eta, Anoetako autobus geltokian jarri ninduten laguntzaile lanetan eta hortxe erretiratu naiz.
Nola deskribatuko zenuke zure laneko ibilbidea?
Harrotasunez oroituko dut beti. Harro sentitzen naiz nire familia aurrera atera dudalako eta aipatu dudan bezala ibilbide guzti honetan nire lankideek izugarri errespetatu nautelako. Oso lan gogorra da, ordutegia eta lan-egunak ez dira batere samurrak, familia eta lagunak ikusteko tarterik ez nuen izaten ia, alde soziala alde batera utzi beharra izan nuen, baina hala ere aurrera atera naiz. Gainera, ilusio handia egiten dit txikitan ikastetxera joateko jasotzen nituen bi neskato gaur egun autobus-gidari lanetan ikusteak, Itsasondoko Marijose Arza eta Zaldibiako Jaione, oso neska jatorrak dira.
Foru aldundiak Guztiok Mugituz IV. Saria eman zizun aurrekoan emakumezko gidari guztien omenez. Nola sentitu zinen?
Sentitu nuen nire bizitzan zehar egindako lanak merezi izan duela. Ez nuen espero, eta sekulako poztasuna sentitu nuen, niregatik baino gainontzeko emakumeengatik poztu nintzen, orain daudenengatik eta oraindik etortzeko dauden horiengatik ere bai. Sentitu nuen nire sufrimendu eta esfortzuak merezi izan duela. Oso hunkigarria izan zen, pena saria aurpegi erdia estalita jaso beharra izatea!