«Liburuen bitartez irakaspen bat helaraztea funtsezkoa iruditzen zait»
Esperantoaren balioan eta nork bere buruarengan eduki beharreko konfiantzan sakondu du Aitor Aranak (Legazpi, 1963) Erein argitaletxearekin atera duen 'Zuhaitzak' azken liburuan.
‘Zuhaitza’ izeneko liburua kaleratu duzu urri amaieran. Esperantoa duzu orain ere abiapuntuetako bat.
Kontua da ikastetxeetan ibiltzen naizela duela 30 urtetatik. Idazle asko gara ikastetxeetan ibiltzen garenak, niretzako oso gauza bizia eta interesgarria da, nire laneko alderdirik politena dela esango nuke. Ikastetxe hauetan ibiltzen diren langileek behin baino gehiagotan esan didate Interneten niri buruzko informazioa bilatzean, esperantoz hitz egiten dakidala ikusi dutela, eta horren inguruan argibideak emateko eskatzen didate. Garai batean ikastetxeetan esperantozko ikasliburuak oparitzen nituen liburutegian eduki zitzaten, baina urteak igaro ahala, pentsatu nuen beharbada ongi legokeela esperantoaren inguruko abenturatxoren bat idaztea.
Eta nola uztartu dituzu?
Alde batetik esperantoaren inguruko mundu hori dago, baina beste aldetik istorio honetako bi pertsonaia nagusien arteko adiskidetasun harremana ere badago. Bi mutiko dira, bata Euskal Herrikoa, bestea Tanzaniakoa. Bi mutiko hauek gaixorik daude, eta kontatzen den istorioaren bidez nork bere buruarengan izan behar duen konfiantzaren inguruko mezu bat ere helarazi nahi izan dut liburu honetan.
Esperantoa ezezaguna da oraindik ere gure artean.
Nik zorionez oso goiz ikasi nuen esperantoa, 20 urterekin hasi nintzen. Zorionez esaten dut oso gauza mesedegarria dela iruditzen zaidalako atzerrian erabili ahal izateko. Munduan zehar esperantista sareak daude, eta oso abantaila polita da, izan ere, esperantoak berdintasunean jartzen gaitu erabat. Ingalaterrako pertsona batekin topo eginez gero, nik ez diot euskara, gaztelania edota frantsesa inposatuko, eta bere kasuan ez dit niri ingelesa inposatuko, neutrala baita. Esperantoak munduko hizkuntza guztiei egiten die mesede, eta horregatik esaten dut niretzat abantaila handia izan dela esperantoa garaiz ikasi izana. Euskal Herrian oso informazio gutxi baitago honen inguruan. Beste herrialde batzuetan ikastetxeetan ere irakasten da, baina hemen oso atzeratuta gaude kontu honetan.
Zure kabuz ikasi zenuen ala nonbait irakatsi zizuten?
Nire kabuz. Esperantoa erraza da, horretarako asmatu baitzen, nahiko logikoa da. Serio hartzen baduzu, hiruzpalau hilabeteetan ikas dezakezu; nik halaxe egin nuen. Ikasi ondoren praktikan jartzeko lagunak bilatu nahi nituenez, Gasteizera joan nintzen bertan zeuden ikastaro batzuetara. Han konturatu nintzen ez nuela ikastaroen beharrik, mintzapraktika bai, baina teoria gehiago ez. Egun, Euskal Herrian uste dut Bilbon bakarrik erakusten dutela, jendeak Internet bidez ikasten duelako.
Liburua 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa da. Zein da gaztetxo horiei helarazi nahi diezun mezua?
Nire literaturan garrantzitsuena liburuak entretenigarriak izatea da, eta ahal den neurrian gozagarriak ere bai. Idazle izateaz gain, irakurle ere banaiz, eta normala den moduan liburu astunak eta aspergarriak ez zaizkit gustatzen. 17 urterekin hasi nintzen idazten, eta hasieratik oso garbi izan dut printzipio hori. Horrez gain, uste dut liburuen bitartez irakaspen bat helaraztea ere funtsezkoa dela, eta kasu honetan lehen aipatutako bi printzipioak transmititu nahi izan ditut mezu bikoitz batean; batetik esperantoaren inguruko informazioa ematea, eta bestetik bizitzako momentu zailetan nork bere buruarengan eduki beharreko konfiantza zein garrantzitsua den transmititzea.
Esan daiteke istorio honetan zerori izan zarela inspirazio iturri nagusia?
Bai. Egia esan nik ez dut denboraldi luzerik eman gaixorik, istorio honetako pertsonaiak dauden moduan. Zorionez ez naiz egoera horretan egon, baina literaturarako gai baliagarria izan daiteke hori, eta horretan asko oinarritu naiz. Nik denboraldi laburrak eman ditut gaixorik, eta horietan egin izan dudana islatu dut liburuan.
Tanzaniako haur bat ere agertzen dela esan duzu. Zergatik aukeratu duzu Tanzania?
Tanzaniako lagun esperantista bat eduki nuelako, Jacks izenekoa. Han ibili den edonork dakien moduan, bi mundu ezberdin dira hemengoa eta hangoa, eta hau liburuen bidez azaltzea interesgarria da beti ere. Egiazko bizipenetatik hartutako gauzetako bat da hau. Jacks Tanzaniakoa zen, eta esperantoaren bidez adiskidetu ginen biak. Beti esaten dut esperantoak munduan duela euskarak Euskal Herrian duen egoera berbera: jende multzo batek daki soilik eta jende multzo horrek mantentzen du bizirik. Nazio hizkuntzak zabaltzen direnean beste hizkuntza asko galtzen dira, eta euskaldunok oso ongi dakigu hori.
Bai, baina esperantoaren balio horretaz ez gara jabetzen.
Esperantoa benetan mundu osoan erabiltzen hasiko bagina hori ez litzateke gertatuko, esperantoaren asmoa ez delako inongo hizkuntzarik ordezkatzea, baizik eta guztion bigarren hizkuntza izatea munduan zehar harremanak izateko. Euskal Herritik kanpo esperantistak ezagutzean lotura bat sortzen da zuzenean, badakizulako pertsona horiekin pentsamoldea eta hizkuntzen arteko maitasuna partekatzen dituzula.
Koronabirusak eraginik izan al du zure lanean?
Idazleontzat kolpe handia izan da. Ni esaterako idazle autonomoa naiz, idaztetik eta itzulpenak egitetik bizi izan naiz, beti literaturari lotuta. Niretzako ikastetxeetara joatea eta itzulpenak egitea funtsezkoa da, eta martxoan hori kolpetik moztu ziguten. Horrez gain, prozesu guztiak atzeratu egin dira. Esate baterako, Zuhaitza apirilean ginen ateratzekoak, baina orain atera da. Idaztetik bizi garenoi merkatuan bizi-bizi egotea komeni zaigu, eta hau traba handia izan da. Lanbide gutxi dira egoera honetatik libratu direnak.
‘Ilargiko zaindariak’ izeneko liburuaren bigarren zatia ere kaleratu duzu orain dela gutxi.
Bai, istorio honen lehenengo zatia 2017an atera genuen eta orain bigarrena beste lau abenturatxorekin. Liburu honek arrakasta handia dauka ikastetxeetan, pertsonaiak ilargian bizi dira androide batekin, eta neska mutikoei asko gustatzen zaie.