Dantzaz konpainiaren emanaldia gaur Usurbe antzokian
Nazioarteko Sorkuntza Koreografiko Zentroan egindako hiru piezaz osatutako dantza ikuskizuna da.
Dantza ikuskizuna egongo da gaur Beasaingo Usurbe antzokian, 19:00etan hasita. Dantzaz Konpainiaren emanaldia izango da. #56 izeneko programa berria aurkeztuko dute, Nazioarteko Sorkuntza Koreografiko Zentroan egindako hiru piezaz osatuta: Thirsrty, Hombre masa eta Walls. Hiru sorkuntzek dantza ikuskizun bakarra osatuko dute eta adin guztietako ikusleei zuzendutakoa izango da.
Sade Mamedovak sortutako Thirsty izeneko lana Kandinskiren izen bereko sorkuntzan oinarritzen da. Dinamismo abstratua jorratuta, dantzaldi emozional eta fisikoa egingo dute dantzariek. Vita Osojnik-en Hombre masa lana, berriz, 20 minutuko talde-pieza bat da. Taldeak zein norbanakoek dute garrantzia koreografikoa pieza honetan, eta gizabanakoaren eta taldearen arteko harremanetan oinarritzen da sorkuntza osoa.
Hirugarren pieza Walls izenekoa da, Martin Harriague-k sortua. 35 minutuko lana da, dantzaldi indartsua eta borobila. Gaur egungo ohiturei, bizimoduari eta gizarteari buruzko hausnarketa zabalduko dute dantza ardatz izanik.
Sarrerak zenbakidunak izango dira eta aldez aurre eskuratu behar dituzte interesa dutenek, aforoa mugatu dutelako. Usurbe Antzokiko lehiatilan eskuratu daitezke, eta baita Kutxabank-en bidez ere.