Ezkio-Itsaso udalerri bakarra da berriz urtarrilaren 1az geroztik
Itsasoko Batzorde Kudeatzailea otsailaren 15a arte egongo da indarrean, epaia exekutatu bitartean. Auzo udala sortzeko aukera aldundiarekin aztertuko dute martxotik aurrera
Itsasok udalerri independente izateari utzi dio eta Ezkio-Itsaso udalerri bakarra da berriro urtarrilaren 1etik, herriburutza Anduagan izanik, Espainiako Auzitegi Gorenaren uztailaren 16ko 1025/2020 epaiaren ondorioz. Itsaso Ezkiotik desanexionatzea ahalbidetu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren abenduaren 20ko 27/2016 Foru Dekretua baliogabetu zuen epai horrek. Exekutatu bitartean, halere, 2017an sortutako Itsasoko Batzorde Kudeatzaileak indarrean segiko du otsailaren 15a arte, eta, beraz, batzordearen izendapenak ordura arte jarraituko du. Tramiteak amaitzean, martxotik aurrera, Itsason auzo udala sortzeko aukera aztertuko dute.
2016ko irailean Itsasoko herritarrek Ezkiotik bereiztea erabaki zuten herri galdeketa baten bidez, eta 2016ko abenduan foru dekretu bidez desanexioa onartu zuten. Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauak desanexiorako 2.500 biztanle izatea exijitzen du, baina salbuespen batekin: frankismo garaian, 60ko hamarkadan, galdeketarik gabe elkartu zituzten udalerriek berriro banatu nahiz gero, ez da kontuan izango biztanle kopurua. Salbuespen horretan oinarritu zen Ezkio eta Itsaso bereizteko foru dekretua, baina Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak hori baliogabetu eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 13. artikulua aplikatu behar dutela ezarri zuen: lege horren arabera, 5.000 biztanletik gorako guneetan soilik sortu daitezke udalerri berriak. 2015eko urtarrilean Itsasok 158 biztanle zituen. Azken urteotan udalerri independente gisa jardun dute, batez ere 2017an Itsasoko Batzorde Kudeatzailea eratu zutenetik.
Aurrekontu propioa nahi
Otsailaren 15era arte Itsasoko batzordeak martxan jarraitzea adostu dute bi herrietako ordezkariek eta Aldundiak abenduaren 22an egindako bileran, berriro udalerri bakarra izateko egin beharreko tramiteak egin arte: «Sententzia exekutatzeko prozesuan gaude eta hori bukatzean aldunditik esango digute zer aukera daukagun», azaldu du Gorka Sasieta Itsasoko batzordeburuak. Martxotik aurrera aldundiarekin aztertuko dute Itsason auzo udala eratzeko aukera: «Gure asmoa da nahiz eta Ezkio-Itsaso barruan izan, Itsasok aurrekontu propioa izatea eta Itsasori dagozkion erabakiak bertan hartzen jarraitzea».
Frankismoan errotuta
Sasietak salatu du «diktadura batean oinarritutako» erabakia lehenetsi dutela: «Hor ikusten dugu zer demokrazia mailatan gauden Espainiako estatuan». Herritaren nahia betez, 2.500 biztanleko muga ezartzen duen legea aplikatzea eskatu dute.