Imanol G. Gurrutxagak Lazkaon estreinatuko du film berria, gaur
'Nigandik' izenburudun film laburra egin du, bere ibilbideko bigarrena.
Nigandik izenburudun film laburra egin du Imanol Gonzalez Gurrutxaga zinemagile lazkaotar gazteak, bere ibilbideko bigarrena. Hainbat zinema lehiaketatan aurkeztua eta sariak jasotakoa izan bada ere, jendaurre zabaleko lehenengo emanaldia gaur izango du, Lazkaoko Areria antzokian, 19:00etan.
2018an Ezusteko talka lehen lana ekoitzi ondoren, beste film labur intimista bat ondu du Gurrutxagak. Jose Ramon Soroiz eta Aitziber Garmendia aktore goierritarrak gonbidatu ditu oraingoan ere, Elena Irureta gehituta.
«Aita-alaben arteko harremanen inguruko istorioa da. Umetako etxea eraisten ari dira, eta hor gatazka bat sortzen da aita-alaben artean, alabak ulertzen ez dituen arrazoi batzuk tarteko», aurreratu du Imanol G. Gurrutxagak. Dementzia eta oroimen propioaren aldarria ditu ardatz.
Nigandik filmak 15 minutuko iraupena du. COVID-19agatiko neurriengatik, edukiera murriztua izango da Areria aretoan. Sarrera lazkao.eus webgunean hartu behar da.
Lekeition bi sari jasoa
Estreinaldira iristerako, adituen oniritzia lortu du jada Nigandik filmak. Lekeitiko 43. Euskal Zine Bileran aurkeztu zuen Gurrutxagak. Azaroaren 21etik 29ra bitartean garatu zen lehiaketa, Euskal Herriko lan ugarirekin.
Bi sari jaso ditu: gidoi onenaren saria, eta publikoaren saria. Bilboko Zinebi eta Gasteizko Cortada jaialdietan ere eman dute. On-line garatu behar izan dira, osasun egoeragatik.