«Pena ere eman dit saritua izatea euskaraz hitz egiteagatik»
Bilboko Udalak Zugaitz Ayuso (Itsasondo, 1979) txirrindulari ohia saritu du Deustun duen txirrindu dendan euskara sustatzeko lanarengatik. Ilusioa egin arren, sentimendu gazi-gozoa utzi dio.
Bilboko Udalak aitortza bat egin zizun abenduaren 2an Deustu Bikes dendan euskararen erabilpena sustatzearen alde egindako lanagatik. Zein da zuk euskararekiko duzun harremana?
Niretzako euskara beti izan da oso garrantzitsua, azken finean nire ama hizkuntza da eta nire bizitzako esparru guztietan erabiltzen dut. Dendan bezeroren bat sartzen denean harrera beti euskaraz egiten dut, gero ez badit ulertzen orduan nik ere gaztelaniaz hitz egingo diot, baina beti markatu nahi izaten dut euskalduna naizela, bezeroak jakin dezan nirekin euskaraz lasai asko hitz egin dezakeela.
Jarrera horri eustea ez da erraza izango Bilbo batean.
Uste dut horixe dela gure arazo nagusienetako bat, bestearen itxura edo dena delakoagatik gaztelaniara jotzeko joera izaten dugula gehienetan. Ni alderantziz egiten saiatzen naiz, eta jendea harritu egingo litzateke ikusiko balu zenbat jendek hitz egiten duen euskaraz, nahiz eta itxura edo aurpegiera bertakoa ez izan. Askotan kanpotarra dirudien horrek ezin hobeto hitz egiten du euskaraz, eta gero bertakoa ematen duenak egun on esaten ere ez daki.
Eta zertan oinarritzen da egin dizuten aitortza hau?
Bilboko merkatariek Euskaraldiari eta baita Biribilko izena duen erakunde bati esker euskara bultzatzeko hainbat ekimen egiteko aukera izan genuen. Dendan karteltxo batzuk jarri genituen bezeroek jakin zezaten hemen euskaraz hitz egiten dugula eta gu euskaldunak garela. Euskaldun berriei helarazi nahi genien mezua zen mintzapraktika edo dena delakoa behar izanez gero, gure denda honetarako espazio egokia zela. Horregatik, euskaraz oso ongi moldatzen ez zen norbait etortzen zitzaigunean, saiatzen ginen berarekin euskaraz normaltasun osoz egiten eta laguntzen, lasaitasuna transmitituz. Azken batean guk beti bezala jokatu genuen, ez genuen esfortzu berezirik egin, eta halako batean udaletxetik deitu ziguten aitortza honen berri emateko.
Eta nola hartu zenuten?
Hasieran uste genuen txantxa bat zela edo norbait adarra jotzen zebilela, baina gero gonbidapena bidali zigutenean konturatu ginen ez zela txantxa bat. Egia esan nahiko sentimendu gazi-gozoa izan zen, izan ere pena ematen dit saritua izatea euskaraz hitz egiteagatik. Niretzako anekdota bat bezala izan da, alde batetik ilusioa egin zidan baina beste aldetik pentsatu nuen «Hau al da daukagun euskara maila? Saritu egin behar zaigu euskaraz hitz egiten dugunoi?». Bestalde, euskaraz hitz egiteko eta ikasteko saiakera egiten ari diren zenbait merkatari ere saritu zituzten, eta hori saritzea adibidez ongi iruditzen zait, jendea motibatzeko modu bat izan daitekeelako.
Lehen ere txirrindu denda edukitakoa zara Beasainen, eta aurrez mekanikari aritu zinen. Nolatan orain Bilbon?
Elorrion bizi naiz [hangoa du bikotea], eta bazkide batekin ireki nuen denda Deustun. Bizikletak eta bizikleten artikuluak saltzen ditugu. Orain oso modan dauden bizikleta elektriko eta patinete elektrikoak ere saltzen ditugu, eta bizikleta normalak ere elektriko bihurtzen ditugu. Patinete elektrikoen salmentaz gain, hauen konponketak ere egiten ditugu. Uste dut Euskal Herri mailan soilik gure denda eta beste bat direla patinete elektrikoen konponketak egiten dituztenak.
Eta pandemiak nolako eragina izan du zuen lan martxan?
Lehenengo itxialdia etorri zenean uste dut nahiko momentu txarra izan zela guztiontzat, bai merkatari, ostalari eta beste sektore askorentzat ere. Momentu hartan gauzak ez zeuden batere garbi, eta denda zintzilik geratu zen, baina hilabeteak pasa ahala egoera asko hobetu da guretzat. Itxialdia eta gero lanera itzultzeko aukera izan genuenean, salmenta eta konponketak izugarri igo dira. Mugikortasun elektrikoaren gorakada nabaritu dugu patinete eta txirrindu elektrikoekin eta lanez gainezka gabiltza.
Alderdi horretatik begiratu behar, hortaz.
Esan daiteke guri aspektu honetan mesede egin digula, baina egia da gauzak asko aldatu direla. Orain musukoa, gel hidroalkoholikoa eta segurtasun distantziak txertatu ditugu gure lanean, eta modu batera edo bestera uste dut bezeroenganako gertutasun hori zertxobait hoztu dela honen ondorioz.
Txirrindularitzari lotuta jarraitzen duzu oraindik.
Haurra nintzenetik gustatu izan zait txirrindularitza. Itsasondoarra naiz, eta garai hartan Seat Orbea taldea zegoen bertan. Talde horretan Jokin eta Jose Cruz Mujika anaiak zebiltzan, lehenengoa txirrindulari bezala eta bestea mekanikari lanetan. Aitor Garmendia ere ibiltzen zen. Umetatik ikusten nituen herrian bertan mekanikari eta txirrindulariak atzera eta aurrera, eta kontuan izanda herrian bertan erreferente ugari nituela, kirol honetaz erabat maiteminduta amaitu nuen. Izugarri gustatzen zitzaidan txirrindularitza.
Ibili ere ibili zinen, bai errepideak bai ziklo-krosean. Zure kirol ibilbidea nola laburbilduko zenuke?
Hasiera batean errepidean ibiltzen nintzen batez ere, baina beti uztartu nuen ziklo-krosarekin, izan ere, beti gustatu izan zaizkit mendia eta ziklokrossa. Junior mailan oso emaitza onak izan nituen, bai ziklo-krosean bai errepidean. Gipuzkoako itzulia irabazi nuen, eta ondoren beste zenbait txapelketa batzuk ere bai. Gero masterretara pasa nintzen, afizionatu mailara.
Lorpen aipagarriak ere badituzu, batez ere ziklo-krosean.
Lehen urtean ez nuen garaipenik lortu, baina merituzko eta bigarren postu dezente bai, eta oso urte ona izan zen. Bigarren urtean gaixo egon nintzen anemiarekin eta oso urte makala izan zen. Urte hartan, hala ere, Euskadiko eta Espainiako txapeldun geratu nintzen ziklo-krosean. Hirugarrenean, errepiderako neukan ilusioa galdu ostean, ziklokrossean zentratzea erabaki nuen.
Eta erretiroa, noiz?
Urte batzutan jarraitu nuen, baina 2004-2005 denboraldian tumore batzuk atera zitzaizkidan ezker belaunean, eta azkenean ezer txarrik ez neukan arren, ebakuntza eta gero nabaritu nuen nire gorputza ez zela lehenagokoa. Urte batzuk geldirik pasa nituen arren, azkenean Euskal Herriko hautatzaile ere izan nintzen mendi bizikletan, eta mekanikari ere ibili nintzen Caja Rural, Cycling Academy edota Delko Marseille taldeetan. Azken urte horiek izugarriak izan ziren.